Gaur, 13:00ak aldera, Ertzaintza Donostiako Gros auzoko Marruma tabernara sartu da, bertan dauden euskal preso politikoen argazkiak kendu nahian.
Tabernariaren ezezkoaren aurrean, identifikatu egin dute eta argazkiak ez kentzeagatik "terrorismoa goraipatzea" leporatu diezaioketela adierazi diote. Ondoren ertzainek alde egin dute, argazkiak bere horretan utzita. Groseko bizilagunek gertatutakoa salatu dute.
Donostiakoa ez da izan gaur euskal presoen argazkien inguruan gertatu den kasu bakarra. Izan ere, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Ertzaintzak gaur arteko epea eman dio kaletik euskal presoen argazkiak erretiratzeko Ino Galparsoro Arrasateko alkateari (Gipuzkoa). San Juan festetan hainbat lagunek presoen argazkiak ipini zituzten leku askotan. Ertzainek txosnetakoak kendu egin zituzten.
Atzo Ertzaintzaren gutun bat iritsi zen udaletxera, alkatearentzat, argazkiak kentzeko agindua eman dezala eskatuz. 24 orduko epea eman zioten horretarako.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak aginduta, ertzainak presoen argazkiak ari dira kentzen herrietan. Aste honetan, esaterako, Errenterian (Gipuzkoa) eta Aulestin (Bizkaia) erretiratu dituzte.
Euskal presoak
Donostiako taberna batean presoen argazkiak kentzen saiatu da Ertzaintza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu