SeXU indarkeria

Donostiako Udalak atzo adingabeko batek jasan zuen sexu erasoa salatu du

Horrelakorik jasateko prest ez daudela esan du Juan Karlos Izagirre alkateak, alderdi guztietako bozeramaileak lagundurik. Ertzaintza erasotzailearen bila dabil. Azken egunetako erasoak salatzeko biltzera deitu dute gaur eta bihar.

2011ko abuztuaren 29a
17:56
Entzun

Donostiako Udalak aho batez salatu du gaur atzo adingabeko batek jasan zuen sexu erasoa. Juan Karlos Izagirre alkatea alderdi guztietako bozeramaileekin batera agertu da, eta hamar egunetan izan den bigarren salaketa dela gogoratu ondoren, erasoa gaitzetsi du: "Udal hau ez dago hiri honetan horrelakorik jasateko prest, ezta beste inon ere", esan du Izagirrek.

Atzo jakin zen erasoaren berri, eta gaur Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu du. Adingabekoa Donostiako Ospitalean artatu zuten. Izagirrek elkartasuna agertu dio erasoa jasan zuen neskari eta bere senitartekoei eta Udalaren laguntza eskaini dio.

Ertzaintzak ez du erasoaren inguruan datu gehiagorik eman ikerketa ez oztopatzeko, izan ere erasotzailearen bila dabil. 

Salaketa hori azken egunetan izan direnei gehitu zaie. Guztiak salatzeko biltzera deitu du gaur eta bihar, besteak beste, Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean, Tolosan, Errenterian, Zarautzen, Arrasaten, Irunen, Azpeitian, Lizarran, Altsasun, Leitzan, Portugaleten, Zornotzan eta Algortan. Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez lelopean.

Atzoko erasoa, astebukaeran Bilbon izan denari gehitu zaio. Bilbo Zaharra auzoan larunbata arratsaldean gizon bat emakume bat bortxatzen saiatu zen, eta herritar batek eragotzi zuen bortxaketa. Ertzaintzak erasotzailea atxilotu zuen.

Baionan ostiralean andre-gizon bikote bat hilotz agertu zen, eta gizonak emaztea hil eta ondoren bere buruaz beste egin zuela uste du Poliziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.