genero indarkeria

Donostiako Udalak elkartasuna adierazi die Loiola auzoan zauritutako emakumeari eta ertzainari

Gizon batek emazte ohia eta ertzain bat tiroz zauritu ditu Donostian. Ertzainari ebakuntza egin behar izan diote, baina bere egoera egonkortu da. Emakumea ere artatu dute ospitalean, baina ez ditu horren zauri larriak.

2011ko abenduaren 17a
19:18
Entzun

Gizon batek emazte ohia eta ertzain bat eskopetarekin tiro eginda zauritu ditu Donostian. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 48 urteko gizona da erasotzailea, eta Plazaburu kaleko etxe batetik egin du tiro. Ertzaintzak atxilotu egin du.

Zaurituak Donostia Ospitalera eraman dituzte. Ertzainak hankan jaso du tiroa, eta ebakuntza egin behar izan diote; eguerdian jakinarazi dutenez, egonkortu egin dute bere egoera, eta datozen orduetan ikusiko da haren biziak arriskutik ateratzen den. Emakumea ere artatu dute, baina haren zauriak ez dira horren larriak.

Goizaldean, 02:10 inguruan, hasi da gizonaren erasoa. Emakumeak ertzainei hots egin, eta senar ohia "oso aztoratuta" zegoela eta armak zituela jakinarazi die. Ertzaintza joan denean egin die tiro gizonak emazte ohiari eta ertzainari.

Ertzainaren aurka tiro egiteagatik erasotzailearen aurkako auzian parte gisa aurkeztuko dela iragarri du, gainera, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.

Gizonak 30 tiro egin dituela esan du bizilagun batek, eta emakumeari heriotza mehatxua egin diola. Gizona etxean gotortu da, eta 05:00etan atxilotu dute azkenean.

Donostiako Udalak elkartasuna adierazi die zauritutakoei, eta lehenbailehen osatzea espero du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.