Gobernu Batzarrak atzo onartu zuen Udalaren, Diputazioaren eta Gipuzkoako mankomunitateen arteko lankidetza hitzarmena. Lankidetza hitzarmeneko kronogramaren arabera, 2009. urtearen erdialdean hasiko dira errauste planta eraikitzen, eta planta 2012an hasiko da lanean. Mankomunitateek, hala ere, jakinarazi izan dute 2009rako nahi dutela errauste planta lanean. Mankomunitateek kokalekua aurten erabakitzeko exijitu zioten Donostiako Udalari, Donostiako zaborrak probintziako zabortegietara eraman ahal izateko. Izan ere, datorren urte hasieran itxiko dute San Markos zabortegia, Donostiako zaborrak jasotzen dituen zabortegia.
Denis Itxaso Donostiako Ingurumen zinegotziak zehaztu zuenez, Artzabaletako kokalekua da egokiena errauste planta jartzeko, kokalekuak aztertu dituen taldearen atariko txostenaren arabera. Itxasoren esanetan, «distantzia orekatua dago Artzabaletaren eta Lasarte-Oriaren, Usurbilen, Realaren instalazioen eta etorkizunean Zubietan egin nahi duten espetxearen artean».
Donostiako Udalean jaso dutena atariko txostena da, eta teknikariek osatu egin beharko dute hurrengo osoko bilkurarako. Diputazioko eta Donostiako Plan Orokorraren bulegoko teknikariek egin dute txostena.
Lankidetza hitzarmenean beste bi erabaki ere jasotzen dira: alde batetik, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Partzuergoa 2007ko maiatzaren 1a baino lehen sortzea: bestetik, San Markos zabortegitik Lapatx (Azpeitia), Sasieta (Beasain) eta Urteta (Zarautz) zabortegietara eramango diren zaborrak arautzea. Errauste planta eraikitzea, abiatzea eta kudeatzea izango da partzuergoaren lehen helburua. Bestalde, lankidetza hitzarmenak aurreikusten duenez, Lapatx, Sasieta eta Urteta zabortegiak 2009ko uztailaren 16an itxiko dira.
Bi erabaki horiek ere Donostiako Udaleko osoko bilkurak, Diputazioak eta mankomunitateek onartu beharko dituzte.
INFORMAZIO FALTA ETA KRITIKAK. Xabier Ezeizabarrena Donostiako Udaleko EAJren bozeramaileak ez zuen erabakiari buruzko iritzirik eman, orain arte osatu gabe dauden txosten teknikoak bakarrik jaso baititu.
EB-Berdeak Gobernu Batzarreko kidea da. Atzo hitzarmenaren kontra bozkatu zuen. Duñike Agirrezabalaga EB-Berdeen bozeramaileak Astigarragako, Errenteriako, Hernaniko, Lasarte-Oriako etaUsurbilgo alkateak kritikatu zituen, «errauste plantaren alde egiteagatik, betiere beren herrian ez bada». Horregatik, EAJ, EA eta PSE-EEri eskatu die argitu dezatela jarrera horrek erakusten duen barne kontraesana.
Herritarrei mobilizatzeko eskatu die Agirrezabalagak: «Errauste planta geldiarazteko funtsezkoa izango da». Baga Boga herri plataformak ere mobilizazioa «ezinbestekoa» dela esan du. Donostiako Udalari leporatu dio ez dituela aintzat hartu Ingurumen Aholku Batzordeak esandakoak eta gizarte eragileek hondakinak kudeatzeko egindako ekarpenak, tartean Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinakundean aurkeztutako plana.
Batasunak nabarmendu du hondakinak erraustea ez dela irtenbidea, «arazoa baizik». Gipuzkoarrei hitza emateko eta herritarrek erabakitzen dutena errespetatzeko eskatu du.
Maria Jose Usandizaga PPko bozeramaileak «zalantzak» ditu ea Zubietak errauste planta eta espetxea hartu ahal izango dituen.
Usurbilen udalbatzak ezohiko osoko bilkura egin zuen atzo. Bertan ez zuten erabakirik hartu, eta ez zuten errausketa zalantzan jarri. Alkateak ez zien erantzun zenbait herritarrek, tartean Zubietako Herri Batzarreko ordezkariek, egindako galderei.
############
ImanoL azPiroz Zubietako Herri Batzarreko auzo alkatea
«Lasarte-Oriako herritarrak desmobilizatu nahi dituzte»
J.G.Donostia
Errauste plantaren kokalekuak ez du harritu Imanol Azpiroz (Donostia, 1961). Oraindik errauste plantaren proiektua gerarazteko aukerak badaudela uste du.
Kokalekua jakiteak aldaketarik eragingo al dizue?
Kokalekua da gutxienekoa, gu hondakinak erraustearen kontra gaude. Bagenekien txosten teknikoaren emaitza zein izango zen, baita egin aurretik ere. Hala ere, 120.000 euro gastatu dituzte hilabetean txostena egiteko.
Artzabaletan zer dago?
Besteak beste, Landaberri ikastetxea 800 metrora. Artzabaleta Realaren zelai berrien gainaldean dago.
Baina ez al dago Usurbilera begira?
Hori azpijokoa da. Usurbil aldera dagoela esanez Lasarte-Oriako herritarrak desmobilizatu nahi dituzte. Baina Lasarte-Oriako herritarrak ez dira desmobilizatuko. Are gehiago, orain Usurbilgoak mobilizatuko dira. Administrazioak badaki azken aukera duela: kokalekua zenbat eta gehiago mugitu, orduan eta aurkari gehiago izango ditu. Herritarrek ez diete utziko, badakitelako badaudela beste aukera batzuk hondakinak kudeatzeko.
Beraz, Artzabaleta Lasarte-Oria aldera al dago?
Artzabaleta baserri bat da, Zubieta eta Usurbil artean. Baina baserriak lurrak ditu Realaren kirol instalazioetatik gertu, gorago. Baina jendea nahasteko esaten dute Usurbildik gertuago dagoela.
Usurbilentzat alde handia al dago batean edo bestean jarri?
Berdin da, eta jendea ez da inozoa.
Usurbilgo alkateak neurri administratiboak edo juridikoak iragarri zituen atzo.
Usurbilgo Udalak osoko bilkura egin du gaur, eta alkateak hasieran esan du ez duela utzikozaborren kudeaketaren gainean hitz egiten, kokalekuari buruz bakarrik baizik. Adierazgarria da.Beraiek ez dute egiten, eta besteei ez diete uzten zaborrak modu alternatiboan kudeatzen.
Erakundeen arteko lankidetza hitzarmenaren arabera, bi konpostatze planta egingo dituzte.
Pentsa, guk, konpostatzearen alde gaudenok, helegitea aurkeztu dugu Azpeitian konpostatze planta egiteko hitzarmenaren kontra. Administrazioaren asmoa ez da konpostatzea ahal den ondoen baliatzea, errauste planta jarri eta modu zehatz batean bakarrik konpostatzea. Zertarako? Hondakinak hainbeste ez gutxitzeko. Errauste plantak hondakin asko behar du martxan jarraitzeko.
Proiektua gerarazi al daiteke oraindik?
Bai, behin ere baino gehiago. Herritarrek daukate giltza. Konpromisoa hartu behar dute zaborrak gutxitzeko eta bereizteko. Gero, udalek bildu behar dituzte gaika eta tratamendu egokia eman behar diete. Zergak ere ezarri behar dira, eta informazio kanpainak behar dira.
############
Bi konpostatze planta aurreikusi dituzte
Denis Itxaso Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotziak esan zuenez, Udalak atzo onartutako testuari ekarpen bakar bat egin ahal izan dio: Gipuzkoako Diputazioak hiru hilabete baino lehen erabakiko duela non egingo den «Gipuzkoako konpostatze planta zentralizatua».Diputazioak azaroaren 7an jakinarazi zuenez, Azpeitian eraikiko dute probintziako lehen konpostatze planta, Lapatx zabortegian, 2007ko lehen sei hilabeteetan. Konpostatze plantaren aurrekontua 2,1 milioi eurokoa da eta Diputazioak ordainduko du. Urola Erdiko mankomunitatea arduratuko da, ordea, planta abian jartzeaz eta kudeatzeaz.
Luis Mari Oiarbide Garapen Iraunkorrerako diputatuak orduan jakinarazi zuen beste konpostatze planta bat egingo dutela Donostialdean, baina «prozesuan aurrera egiten den neurrian».
Donostiako Udalak atzo onartutako lankidetza hitzarmenaren arabera, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Partzuergoak bultzatuko du Lapatxeko konpostatze plantaren sorrera eta kudeaketa.
############
«Distantzia orekatua dago Artzabaletaren etaLasarte-Oriaren eta Usurbilen artean»
denis itxasoDonostiako ingurumen zinegotzia
############