Udalak atsekabea adierazi nahi du, eta doluminak helarazi dizkio hildako gaztearen familiari. Juan Karlos Izagirre alkateak, egin duen agerraldian, adierazi du atzo gertatutakoa "drama bat" dela, eta, Donostia hiri txikia izanik, donostiar guztiak "minduta eta triste" daudela. Aldi berean, baieztatu du ikerketa bat abian jarri dutela, zer gertatu den argitzeko, eta ikerketa hori amaitu bitartean itxi egingo dutela Pasealeku Berria, Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen egoitzatik biribulgunerako tartea —baita Aste Nagusian ere—. Izagirrek adierazi duenez, "ez da Aste Nagusi arrunta izango".
Izagirrek azaldu duenez, ezbeharraren tarte horretan lan batzuk egiten ari ziren, halako luiziak izatea eragozteko: ekainetik ari ziren bertan lanean, eta hilabete eta erdi falta zuten lanak amaitzeko. Izagirrek esan du horretan lanean ari den enpresa "espezializatua" dela eta segurtasun neurriak betetzen zituela. Ikerketa amaitu bitartean, baina, zain egongo dira, zer gertatu den argitu ahal izateko.
"Gertaera tamalgarria" izan zela adierazi du Udalak, eta ikerketaren zain daude lur-jausiaren arrazoiak zeintzuk izan ziren argitzeko. Josu Ruiz behin-behineko alkatea, Nora Galparsoro Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzia eta Nekane Burutaran Babes Zibileko zinegotzia ezbeharra izan zen lekuan izan dira, gertatutakoaren berri jakiteko.
Azalpen teknikoak, bozeramaileen batzordean
Bozeramaileen batzordean azalpen teknikoak ematen ari dira; izan ere, atzo haitza erori zen lekuan lanean ari dira azken asteetan. Udaberriko eta uda hasierako euriteek luizi ugari eragin dute mendian, eta, hain zuzen ere, lur-jausiak izateko arriskua kentzeko ari dira lurra bere onera ekartzeko lanak egiten. Bere samina adierazi du bozeramaileen batzordeak gaztearen heriotza dela eta. Adostutako testuak nabarmentzen du udal zerbitzu guztiak familiaren beharretarako prest dituela.
Ehun bat kiloko haitz zatia zela aurreratu zuten atzo. Gaztea leku horretan bertan hil zen; 20 urte zituen. Donostiako Udalak jakinarazi du bertakoa zela, eta dolua agertu du. Pasealeku Berriaren hasiera aldean gertatu zen ezbeharra, 17:15 aldera. Portu aldera zihoan gaztea, eta azpian harrapatu zuen mendi magaletik eroritako harriak.
Hiru aste lanean
Ekainean iragarri zuten Urgullerako bide batzuk itxita egongo zirela uda osorako, lanak amaitu arte. Mendi lekua izanik, makina txikiekin ari dira, eta mantsoago doaz lanak. Guztira, ia 200.000 euro gastatuko dituzte euriteek eragindako kalteak konpontzeko.
Istripua gertatu zen tokian, Argazkilari Elkartearen parean, hiru bat aste daramatzate lanean. Pasealeku parean badaude harkaitz batzuk inguru horretan. Lau haitz zati erori ziren atzo, eta horietako batek errepidea zeharkatu zuen, lurra jo eta gero; itsas bazterrean zihoan gaztea, beste bi lagunekin, eta harrapatu egin zuen. Joan ziren anbulantziak, baina han hil zen mutila.
Udalaren ordezkaritza, istripua gertatu zen tokian
Donostiako Udalak jakinarazi du ikerketa zabalik dagoela harria zer-nola erori zen argitzeko. Istripua gertatutako tokian izan ziren atzo arratsaldean Josu Ruiz jarduneko alkatea, Nora Galparsoro Azpiegitura zinegotzia eta Nekane Burutaran Babes Zibileko zinegotzia.
Donostiakoa bertakoa zen gaztea, eta familiarekin harremanetan jarria dela jakinarazi du herriko etxeak. Dolua agertu die senideei. Gizarte larrialdietarako zerbitzuak kasu horietako protokoloa abiarazi zuen atzo bertan.
Barrakak Pasealeku Berrian mantenduko dituzte Aste Nagusian, baina Argazkilari Elkartetik sarrera larrialdietako ibilagiluentzat bakarrik irekiko dute.