Ingurumena

Donostiako Udalak iragarri du konponduko duela Urgulleko komunetako ur zikinen arazoa

Udalak aitortu du litekeena dela hobi septikoak arazoren bat izatea eta horrek isuriak eragitea. Zehaztu du, ordea, 900.000 euro jarriko dituela arazoa konpontzeko.

jarraia170449.jpg
2019ko abuztuaren 28a
20:50
Entzun

Eguzki talde ekologistak komunikabideetara bidalitako bideo batean ikus daiteke nola Urgulleko gazteluko komunetako ur zikinak bide bazterreko ubide txiki batetik joaten diren, eta, jarraian, zelai baten parean, lurpeko hodi batera igarotzen, eta, handik, hesi zaharrean egindako zulo bat zeharkatuta, zuzenean mendira isurtzen diren. Salaketa hori atzo zabaldu zuen Eguzkik, eta ohartarazi ur zikin horiek inolako tratamendurik gabe isurtzen direla mendira.

Arartekoa izan da ekologisten salaketa aintzat hartzen lehena. Twitterren zabaldutako mezu batean iragarri du ikerketa abiatuko dutela Urgulleko komunekin zer gertatu den argitzeko. Donostiako Udalaren erantzuna etorri da jarraian. Hedabideetara helarazitako ohar batean zehaztu dute Urgullen badela ur zikinak jasotzeko hobi septiko bat, baina azken hilabeteetan gazteluko bisitariak nabarmen ugaritu direla eta litekeena dela hark gainezka egitea edo hobiak berak arazoren bat izatea, eta hortik isuriak gertatu izana.

Dena den, udaleko teknikariek adierazi dute komunetako nahiz tabernako ur zikinak kimikoki tratatzen dituztela inora isuri aurretik. Horrez gain, argitu dute azken hilabeteetan ohi baino maizago garbitu izan dutela hobi septikoa eta, Eguzkiren salaketaren ostean, berriz hustu zutela. Udal gobernuak, berriz, nabarmendu du gazteluko komunak ez daudela hiriko saneamendu sareari lotuta. Hori egitea eta komunak konpontzea da udalaren asmoa, eta arduradunek argitu dute horretarako 900.000 euroko aurrekontua dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.