«Nahiz eta zulo honek aurrekoen tamaina hirukoiztu, paradoxikoki, administrazio publikoek eskainitako informazioa bere tamainaren alderantziz proportzionala izan da». Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak gogor jo du gaur Donostiako udal gobernuak metroaren obretan agerturiko azken zuloaren aurrean izandako jarreraren aurka. Haren ustetan, «onartezina» da Eneko Goia alkateak edo EAJren eta PSE-EEren gobernuak gaiaren inguruan orain arte azalpen ofizialik eman ez izana, eta ETS Euskal Trenbide Sarearekin batera gertaturikoa isilpean mantentzeko «erabaki politiko bat» hartu izana leporatu die.
Hain zuzen, Alkizaren iritziz, EH Bilduk gaia azaleratu izan ez balu, «beharbada» herritarrek ez zuketen zuloaren berri izango: «Guk publiko egin ondoren, ETSk prentsa ohar bat kaleratu zuen [...], baina ez zuen bere webgunean ezta sare sozialetan publiko egin. Eta udal gobernuak publiko egin zuen bakarra sare sozialetan izan zen, kabinak matxura baten ondorioz itxita zeudela esateko. Eta hori da gaur arte publiko egin dutena; ez dute honi buruz beste ezer esan».
Obrako langileen eta herritarren segurtasuna jokoan dagoela azpimarratuz, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio udal gobernuari, eta astelehenean urgentziazko interpelazio bat egingo du alkatearen erantzun bat jasotzeko asmoz. Halaber, egoera zein den jakiteko, obraren jarraipenerako batzorde ez iraunkorra deitzeko eskaera ere egin du alderdiak, bi hilabetero egin beharko litzatekeen bilera hori azarotik egin ez dela salatzearekin batera.
Orain arteko zulo handiena, lehenbailehen estalia
Alkizak aditzera eman duenez, azken zulo hau betetzeko 100m3 hormigoi erabili dira, eta aurreko bietan 30m3 erabili ziren, eta hura betetzeko erabakia hartzeko modua ere zalantzan jarri du: «Dakigunez, oso denbora gutxi izan zuten alternatibak aztertzeko edo kabinen azpian zulo gehiago ote zeuden egiaztatzeko. Lehenbailehen estaltzeko agindua zegoen. Azkartasun hori ez dator bat, halaber, herritarrei informazioa emateko moteltasunarekin».
Ostiral arratsaldean zenbait komunikabideri bidalitako oharrean, ETSk azaldu zuen eguerdian aurkituriko zuloa joan den ekainean agertutakoarekin erlazionaturik zegoela, orduko mugimenduak inguruko hareen deskonpresioa eragin zuelako. Bada, azalpen hori kontuan hartuta, Alkizak nabarmendu du inguruan zulo gehiago egoteko arriskua dagoela, eta, horregatik, langileen eta herritarren segurtasuna bermatzeko ezohiko neurriak eskatu dizkio alkateari.
Zuloa bisitatzeko oztopoak
EH Bilduko ordezkariak zuloaren berri izan zuen bizilagun baten abisua jaso ostean joan ziren Kontxako kabinetara, gertatutakoaren inguruan informazio gehiago jasotzeko asmoz. Alkizak salatu du, ordea, han EH Bilduko kideei eta langileen ordezkari sindikalei ukatu egin zietela aldageletara sartzea: «Nahiz eta udal instalazio bat izan, ez ziguten sartzen utzi hor zegoena ikusteko, eta ordezkari sindikalek lortu zuten azkenean, baina asko kostata».
Zinegotziaren iritziz, gertakari horrek ere metroaren obretako arazoak isilpean mantentzeko borondate bat dagoela erakusten du: «Zuloak estali nahi dituzte, hormigoiarekin eta isiltasunarekin».