Donostiako Udalak "normaltasun osoz" konponduko du Fernando Mugikaren omenezko monolitoa

2011ko abuztuaren 10a
18:20
Entzun

Udal Gobernuak Fernando Mugikaren omenezko monolitoa "normaltasun osoz" konpondu eta eraberrituko duela jakinarazi du.

Udalak deialdia egin du, "guztion artean eraikitako bakera begiratzen duen Donostia eraiki nahi dugulako, errespetuan, konfiantzan, enpatian eta adiskidetzean oinarrituz".

Udal Gobernua minduta agertu da Ernesto Gascoren jokaerarekin, eta eurei gertatutakoaren berri eman aurretik komunikabideetara jo izana leporatu diote.

Donostiako Udaleko PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok udal taldeari eskatu dio Fernando Mugikaren omenezko monolitoa konpon dezala. Fernando Mugika ETAk 1996an hil zuen buruzagi sozialista zen, eta bere monolitoa Igeldorako bide batean dago kokaturik; Gascok esan duenez, "txikituta eta pintaketekin" dago monolitoa.

PSE-EEko ordezkariak azaldu duenez, monolitoak orain dela aste batzutatik ditu txikizioak. "Hildako buruzagi sozialistaren eta Donostiako lehen herri gestorako kide izan zen Mugikaren omenezko monolitoa konpontzeko eskatzen diogu Donostiako Udalari, Tolosan Jauregiren monolitoarekin egin zen bezalaxe".

Gascok azaldu du gutun bat bidali diotela alkateari eta iragarri dute erantzun positiborik jaso ezean beren taldeak hurrengo osoko bilkuran deklarazio bat proposatuko duela "terrorismoaren biktimen duintasunaren aurka egiten diren eraso guztiak gaitzesteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.