Inaxio Oiartzabal Sareren ordezkariaren arabera, garrantzitsua da gaur Donostiako Udala presoen urruntzearen kontra azaldu izana. Adierazpen instituzional hori berbera herriz herri zabaltzeko asmoa du Sarek, eta, jakinarazi duenez, aurretik ere onartu dute udal batzuetan: Eibarren, Larrabetzun, Elgoibarren, Aretxabaletan, Getxon, Lekeition eta Lemoan, hain justu.
"Herritarren gehiengo zabal batek eskatzen duena" jasotzen du mozioak, Oiarzabalen esanetan. Instituzioek herritarrek egiten duten eskaerarekin bat egitea "beharrezkotzat" jo du, eta gaiari eutsi eta ekarpenak egitera dei egin die. "Gizarte zibilak, mugimenduek zein instituzioek elkarrekin lan egiteko ordua da".
Adierazpenari ongietorria egitearekin bat, urriaren 20an Donostian egingo den manifestaziora joateko gonbita egin die herritarrei Oiartzabalek: "Konponbidean aurrera egin eta presoen auzia askatzeko, jendarte aktibo bat beharrezkoa da".