Donostiako udalbatzak gaur bozkatu ditu Hiritar Kontsulten Erregelamendurako udal gobernuak (Bildu) prestatu zuen proposamena eta taldeek aurkeztu zituzten zuzenketak, eta emaitzen ondoren osatutako testua aho batez onartu du —Bildu, PSE-EE, PP eta EAJren botoekin—. Hala, galdeketen araudia behin-behinean onartuta geratu da.
Orain, herritarrek eta elkarteek alegazioak egiteko epea zabalduko da, eta araudiak martxoko edo apirileko udalbatzarrean jasoko luke behin betiko balekoa. Bitarte horretan, "hiritarrez osatutako kontraste taldearekin" elkartuko da udala, esan du Axier Jaka (Bildu) Udal Partaidetza batzordeburuak.
Herri galdeketen araudia lukeen lehendabiziko euskal administrazioa litzateke Donostiako Udala.
Onartutako irizpideen artean dira: galdeketan 16 urtetik gorako lagunek eman ahal izango dute botoa; galdeketak hiri mailakoak eta auzune nahiz auzoetakoak izan daitezke; herritarren ekinaldiko kontsultak egiteko baimena alkateak emango du eta udalbatzarrak; eta herri ekinaldiko kontsultetarako 16 urtetik gorako erroldatuen %5en sinadurak beharko dira, gutxienez.
Bi urte pasako prozesua
2012ko azaroan ekin zion Donostiako Udalak herri galdeketaren araudia osatzeko prozesuari: Montevideoko Demokrazia Zuzenaren Foro Globalean hartu zuen parte udalak, eta bertan hasi zen hainbat herrialdeko demokrazia zuzeneko esperientziak ezagutzen.
Gerora etorri ziren Donostian egin ziren tokiko esparruko parte hartze zuzenari buruzko jardunaldiak edota 2014an osatu zuten Gizarte Eztabaidako taldea. Talde horretan, 50 pertsonako talde batek (alderdietako ordezkarien parte hartzearekin) kontsulta sistema baten osagairik garrantzitsuenak definitu zituen. Iazko udazkenean, berriz, kontsulten zein udal gobernuaren jarraipenaren eredua zehazteko kontraste taldea sortu zen.
Gaur behin-behinean aho batez onartu den araudiaren oinarria iazko azaroan Donostiako udal gobernuak finkatu zuen, herri galdeketen erregelamendua onartu baitzuen, eta parte hartzeari buruzko arau organikoa aldatu zuen, juridikoki doitzeko.