EAJ, PSE, EH Bildu, PP eta Irabazik babesa adierazi diote udalak Donostiako jaietarako prestatutako kanpainari. Eraso sexistak saihestu eta horiei aurre egitea izango da kanpainaren eginkizuna.
Udaletxe aurrean, Eneko Goia alkateak eta Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak aurkeztu dute kanpaina, Ezetz da ezetz lelopean. Bi dei egin ditu Goiak: bat "gizon gisa", sexu erasoak saihesteko "jarrera proaktiboa" izateko; bestea "alkate gisa", herritarrek "komunitate gisa" bazter ditzaten jokabide sexistak, "konprometituz".
Agirrezabalagak kritikatu du eraso sexisten aurrean egiten dena "gutxi" dela, oraindik ere "erasoen eta hilketen biktima diren familia osoak" daudelako. Hala ere, berdintasunean aurrerapausoak izan direla azpimarratu du.
Emakumezkoen artean banatuko dituzten eskuorrietan erasoak saihesteko aholkuak emango dituzte. Gizonezkoei zuzendutakoetan, "eraso matxisten aurkako jarrera proaktiboak sustatzera" dei egingo du udalak. Bestalde, saltokietan pegatinak banatuko dituzte jokabide sexisten aurka.