Donostiako udaletxean izenpetu dute koalizio gobernua osatzeko ituna. Horren arabera, Ernesto Gasco PSEko udal taldeko burua izango da alkateordea, eta haren ardura izango dira ekonomia, merkataritza, ostalaritza eta turismoa. Horiez gain, PSErentzat izango da auzo, berdintasun, etxebizitza, ingurumen eta espazio publikoen ardura. Guztira, PSEko bost zinegotzik parte hartuko dute gobernuan.
EAJko zinegotziek beteko dituzte Donostia 2016, kultura, euskara, hezkuntza, giza baliabide, ogasun, mugikortasun, kirol eta segurtasun arloak.
Lau ardatzeko gobernu programa izenpetu dute; enpleguaren sorrera, gizarte kohesioa, gobernantza berri bat eta kultura aniztasuna. Goiak azaldu du akordioak egonkortasuna emango diola udalari, etorkizunari "ilusioz heltzeko eta hiritarrei erantzuteko" aukera emateaz gain.
Bestalde, Gascok azpimarratu du Donostiarentzat "albiste ona" dela ituna, eta "emankorra" izatea espero du.