EUSKAL HERRIA

Donostiako urrezko domina eman dio udalak Begoña Urroz zenaren sendiari

ETAren lehen biktimatzat jo izan dute Urroz, hura hil zuen bonba DRILek jarri zuela dioten teoriak ugariak badira ere.

2013ko apirilaren 9a
11:41
Entzun

Donostiako Udalak urrezko domina eman zien atzo Begoña Urroz zenaren senideei. Udaleko osoko bilkurak erabaki zuen domina ematea haren familiari, eta Juan Karlos Izagirre alkateak atzo eman zien. Urrozen ama, ahizpa eta neba izan ziren ekitaldian.

Eraso batean hil zuten Urroz, 22 hilabete zituela, Donostiako Amara auzoko geltokian, 1960an, bonba batekin. Espainiako Gobernuak ETAk hildakotzat du Urroz; Espainiako Diputatuen Kongresuak ekainaren 27a Terrorismoaren Biktimen Eguna izendatu zuen 2010ean, eta honela mintzatu zen kongresuko orduko presidente Jose Bono: "1960ko ekainaren 27an, duela 50 urte, ETAk lehendabizikoz hil zuen. Haren biktima Begoña Urroz izan zen. Mundu guztiak jakin behar du, eta inork ez du bazter utzi behar, ez Espainian ez Espainiatik kanpo, ETAren lehen biktima 22 hilabeteko haur bat izan zela".

Egindako ikerketa askok DRIL taldeari leporatu diote erasoa. Besteak beste, Ainhoa Oiartzabal BERRIAko kazetariak Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportaje sarituan frogatu zuen Urroz ez zuela ETAk hil.

ETAren hipotesiari heldu izan diote hainbat alderdik eta erakundek luzaroan, baina iragan martxoaren 22an PPko EAEko buruzagi Antonio Basagoitik ez zuen Urroz aipatu ETAren biktimen artean. Baketzeari buruzko osoko bilkura egin zuten egun hartan Eusko Legebiltzarrean; eztabaidatzeari uko egin, eta ETAri egozten zaizkion 857 biktimen izen-abizenak banan-banan irakurri zituen PPkoak: Jean Serge Nerinengandik hasi, eta, Jose Pardinesekin bukatu zuen —Begoña Urroz haurra aipatu gabe utzi zuen —.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.