Kautelazko neurri gisa hartu du erabakia epaitegiak: ez du abuztuan jarritako helegitea ebatzi, baina horrekin eskatutako kautelazko neurria onartu egin du. Izan ere, behin betiko epaia kontsultaren eguna baino geroago etor daiteke, eta ez luke eraginkortasunik izango. Auzitegiak kaleratutako autoan gogora ekarri duenez, helegite horri ez dio erantzun Donostiako Udalak, eta beraz, "nekez" kaleratu ahal izango dute epai irmoa galdeketaren egunaren aurretik.
Otsailaren 19rako deituta zegoen kontsulta, hauxe zen galdera: "Ados al zaude udalak bere titulartasunekoak diren ekipamendu eta espazioak zezenketetarako ez alokatu edo uztearekin, eta horretarako diru laguntzarik ez ematearekin?".
Galdeketari jarritako helegitean Espainiako Abokatutzak argudiatu zuen udalak deialdia egin zuela, "nahiz eta bi hilabete lehenago EAEko Auzitegi Gorenak kontsultetarako araudia baliogabetu". Baliogabetze horri jarritako helegiteak ez du oraingoz epai irmorik. Carlos Urkijok salatu du Donostiako Udalak legea "alboratu" duela, "auzia argitu arte egin ezingo den galdeketa batera deitzeagatik".