Donostiako Bilduk eta PSE-EEk hondakin bilketaren inguruko akordioa lortu dute. Gipuzkoako hiriburuan 2014. urtean bosgarren edukiontzi txipduna martxan izango da auzo guztietan; borondatezkoa izango da. Eta ondo egiten duenak zaborraren tasa merkeagoa izango du. "Udalak saritu egingo ditu praktika onak egiten dituzten hiritarrak", esan du Nora Galparsoro Hiri Azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotziak. Ernesto Gasco PSE-EEko zinegotziak, berriz, azaldu du haien helburua hondakinen %60 birziklatzera heltzea dela. Udal gobernuak ere tasa hori lortu behar dela uste du: "Donostia birziklatzearen norabidean jartzera doa udal gobernua".
Nolanahi ere, jakinarazi dute 2015. urtearen amaieran sistemaren ebaluazioa egingo dutela eta, zehaztutako helburua ez bada lortu, neurriak hartuko dituztela.
Bilduko Donostiako zinegotzi Josu Ruizek esan du gizarteak "bere egin" behar duela birziklatzearen erantzukizuna. "Guztion lana da, eta lortuko dugu". Koalizioak nabarmendu du birziklapen maila batera iristeko helburu bat finkatzea lortu dutela. Udal gobernuak, era berean, honakoa adierazi du: "Eguneroko eztabaida politikoen gainetik, bilketa eta birziklatzearen gaiari benetako ikuspuntutik heltzea onena izango da hemendik aurrera". PSE-EEk, bestalde, atez atekoa ez jartzea lortu dutela esan du.
Joan den astean EH Bilduk jakinarazi zuen hondakinak atez ate biltzearen aldekoa dela, baina iragarri du beste sistema batzuk "babestu eta bultzatu" ere egingo dituela, baldin eta bermatzen bada atez atekoaren pareko bilketa datuak lor ditzaketela.