19. Korrika pasa da bosgarren hiriburutik ere. Goizeko 9etan iritsi da Donostiara, eta han egin ditu eguerdira bitarteko kilometroak. Eguraldia lagun izan du gainera. Gauean euripean ibili ostean, goizean ez du euririk egin Donostian. Atzo iluntzean Baionatik igarota, Lapurdin hasi du eguna: Angelutik, Miarritzetik eta Donibane Lohizunetik igaro da, besteak beste. Eguraldiak batere ez lagundu arren, gau osoan jende ugarik egin du bat euskararen aldeko festarekin.
Donostian ere jendetza bildu da korrika egiteko. Auzoz auzo ibili ondoren (Martutene, Egia, Amara....), eguerdian pasa da Donostiako Bulebarretik. Udalaren izenean, Juan Karlos Izagirre alkateak berak eraman du lekukoa. Lehenago lekukoa eraman dute, besteak beste, Eneko Goia EAJren Donostiako alkategaiak, eta Xabier Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak.
[Youtube] https://youtu.be/AAmCmeMXN6w[/Youtube]
Atzoko eguna ere arrakastatsua izan zen. Iruñerriko gaua argitu ondoren, Gipuzkoarantz egin zuen Korrikak. Batean zein bestean, jende oldeak eman zion segida euskararen aldeko lasterketari, euri tantek korrikalariak busti arren ia egun osoan. Gipuzkoako barnealdea igarota, Baionaranzko bidea hartu zuen berriz iluntzerako, Nafarroa iparraldea pasatuta. Egunez zein gauez, euskararen bidean bildu ziren berriz ere sentimendu eta kolore guztiak.
Tolosaldean (Gipuzkoa) harrapatu zituen egunsentiak euskahaldunak. Hogei urtetik gora baziren lekukoak ez zituela Berastegi eta Elduain zeharkatzen, eta gogo bereziz egin zituzten bertan Tolosa alderako urratsak. DJ Bullek ere girotu zuen goiza tarte batez, furgonetara igota, Villabona-Amasatik Andoainera bitartean. Herriko ibilbidean zehar, ia bazter guztietan bildu ziren andoaindarrak. 400 urte bete ditu aurten herriak, eta bertan egokitu zitzaien 400. kilometroa ere. Indarrak hartzeko postu bat ere jarri zuten, jan eta edanez betea, lasterraldia Astigarraga aldera luzatu nahi zutenentzat.
Aldarri handia da Korrika, eta era guztietako mezuak biltzen ditu bere barruan. Atzo, euskararen aldeko pausoek kaleak bete zituzten Hernanin; tartean, herriko Gure Esku Dago taldekoak. Jatorri politiko ugaritako herritarrak batu ziren haien kilometroan, Zinkoenea plazan. «Aniztasun» hori nabarmendu zuen Unai Lizasok, Hernaniko Gure Esku Dago-ko kideak: «Herri bat gara, eta herri egiten gaituen oinarrietako bat da gure hizkuntza. Euskarak batzen gaitu».
Batzeko bide, eta ahaleginaren eta elkarlanaren emaitza da Korrika. Eta, batez ere, festa ibiltari handi bat: animo oihuak furgonetatik, eta musika. Musika bozgorailuetatik eta zuzenean. Txaranga bat ere osatu zuen gazte talde batek Errenteriako sarreran, Korrika Zamalbide auzotik barrena zetorrela, atzetik zetorrenaren aurrekari gisa.
Errenteria bera izan baitzen festa handi bat atzo. Korrika trenbide azpitik pasatu zen unean jarri zuten kartel bat zubi gainean, ongietorria emateko: Orereta, euskahaldun. Herriko kaleak jendez beteta, txalo artean igaro zen lekukoa plazatik barrena. Izan ziren bide bazterretik lasterketara batu zirenak, eta izan ziren azken autoak pasatuta ere txaloka jarraitu zutenak. Begiak bustita batzuk, baina emozioz eta indarrez. Iluntzean, dantza ikuskizunei begira zeuden oraindik errenteriarrak, herri bazkaria gustura luzatuta.
Arrazakeriaren aurka
Errenteriatik Oiartzunera, eta Irun aldera jo zuen eguerdirako Korrikak. Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna izanik, deialdi berezia egin zuen Irunen Euskal Herria 11 Kolorek, Behobia auzorako bidean. Bat egin zuten eragile eta elkarte ugarik: ijitoen elkarteek, sahararrek, Gora Gasteizek, SOS Arrazakeriak... Baita erakundeek ere: Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalbiltzak.
Urdanibia plazan ekitaldia egin ondoren, Azken Portuko kiroldegiaren aurrean hartu zuten lekukoa. Aurrena, Fermin Muguruza musikari irundarrak. Pozik erantzun zion EH 11 Kolorek egindako deiari: «Normalean, [Irundik Hendaiarako] Nazioarteko Zubian egin izan dut Korrika, aspalditik. Polizia guztiak hor egoten ziren, eta Korrikak puskatu egiten zuen muga. Zoragarria zen. Zoragarria da hori». Sahararrei pasatu zien lekukoa, baina noraino jarraitu behar zuen galdetuta, erronka zaila jarri zion bere buruari: «Faisan irlaraino iritsiko naiz gaur, eta hortik egingo dut buelta nire auzora, Moskura».
Haien ondoren egin zuen lasterka Eusko Jaurlaritzako Gizarteko Politiketako sailburu Angel Toñak ere. Bat egin zuen hark ere EH 11 Koloreren eta Korrikaren mezuekin: «Aniztasunean, euskararen eta Euskal Herriaren alde gaude».
Behobia pasatuta, Nafarroara sartu zen berriz Korrika: Beratik pasatuta, Lesakara. Jende mordoa elkartu zen han. Etxalar eta Igantzi igarota, Berara sartu zen berriz ere. Euskahaldun ugari elkartu zen herri horietan, Euskal Herriko hainbat lekutatik asteburu pasa joandakoak tartean. Besoak gora altxatuta, animoz hasi zuten Ibardinen gorako bidea. Mendatea igarota, Lapurdira egin zuen berriz Korrikak: Senpere eta Uztaritze pasatu, eta gauez Baionara. Kostaldeko bidea hartu du Korrikak, eta festa koloretsua espero da gaurko ere. Besteak beste, Donostian izango da goizetik.