Donostian labankadaz hilda azaldu den gaztearen kasua ikertzen segitzen du Poliziak

Homizidioa aipatu du hasieran Ertzaintzak, baina suizidioak indarra hartu du; gaztearen aita non den jakin nahi dute

Ertzainak gaztea hilik agertutako etxearen atarian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
Donostia
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Indarkeria zantzuekin hilda agertu den gaztetxoaren kasua ikertzen jarraitzen du Ertzaintzak. 13 urteko gaztea labankadaz hilda aurkitu zuten atzo, Donostiako etxe batean. Lehen unean heriotza hilketa batekin lotu zuen Poliziak. Gorpuaren ondoan labana bat zegoen, eta odol arrastoak.Orduak aurrera egin ahala, ordea, bertsioa aldatzen joan zen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila: suizidioaren hipotesiari eman zion indarra. Nolanahi ere aukerarik ez dute baztertu. Hildakoaren aitaren bila hasi ziren.

Eguerdian, 12:45ean, aurkitu zuen hilotza familiaren hurbileko batek. Ertzaintzari eman zion abisu eta hildakoaren anai-arreben bila joan zen Polizia. Eskolan zeuden. Hildakoaren ama ere aurkitu zuten. Haien segurtasuna «babesteko» zaintzapean jarri zituzten. Gorpua agertu zen etxea dagoen kalea, Antigua auzoko Logroño etorbidea, hesitu egin zuten ertzainek. Kazetariak, argazkilariak eta kamerak pilatu ziren. Auzotar gutxi zebiltzan, eskolatik ateratakogazteak batez ere.

Gorpua agertu zen etxebizitza eta garajea miatu zituzten. Berri agentziek ikerketako iturriak aipatuz zabaldu dute bi lekuetan zegoela odola. Hori dela eta, hilketa bat izan zela pentsatu zuen Poliziak. Aita desagertuta zegoen, eta haren bila hasi ziren. Hildakoaren gurasoak banatzekotan zirela jakinarazi dute. Familia dagoeneko ez zen etxe horretan bizi. Gaztea ez zen eskolara joan atzo goizean. Eguerdian hilda aurkitu zuten etxebizitza izandakoan.

Auzitegiko medikuaren lehen usteen arabera, bere buruaz beste egin zuen gazteak; ikerketaren iturriek BERRIAri adierazi diote sabelaldean zituela labankadak eta suizidio zantzuak zeuzkala. Eguerdian eman zuten heriotzaren berri; epaileak 17:40an eman zuen gorpua eramateko baimena. Logela batean azaldu ziren hilotza eta aiztoa, baina odol arrastoak zeuden etxeko atean eta garajean. Horregatik, ikertzen ari dira beste norbait ote zegoen etxean.

Ertzaintzak argitu du aitaren bila aritzeak ez duela esan nahizuzenean heriotzarekin lotu dutela. Kasua argitzen «lagundu» dezakeelakoan ari dira haren bila. Homizidioaren aukera indarra galtzen joan bada ere, atzo arratsaldeko azken orduan Poliziaren babespean jarraitzen zuten hildakoaren amak eta hiru anai-arreba adingabeek.

Autopsia, gaur

Atzo iluntzeaz geroztik Auzitegi Medikuntzako Donostiako Institutuan dago 13 urteko gaztetxoaren gorpua. Gaur egingo diote autopsia, Herrizaingo Sailaren arabera. Espero dute heriotzaren nondik norakoak argitzeko bidea emango duela. Oraingoz, zabalik jarraitzen dute bi hipotesiek: hilketarenak —arratsaldera arte horri eutsi zion Herrizaingo Sailak—, eta suizidioarenak —polizia adituek eta auzitegiko medikuek bildutako lehen zantzuetan oinarrituta, arratsalde erdian Ertzaintzak zabaldu zuenak—.

Heriotzaren inguruabarrak zehazteko badaude ere, Donostiako udal taldeetako eledunek bilera egingo dute gaur Juan Karlos Izagirre alkatearekin. Heriotzaren aurrean zer egin erabakiko dute. Udalak babesa erakutsi dio hildakoaren familiari. Nabarmendu du Ongizate Saila harremanetan jarri dela gaztetxoaren senideekin eta haien eskura jarri dituela udalaren baliabideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.