Donostian ez dute manifestaziorik egin arratsaldean, baina ikasleek gaua itxialdian emango dute. Asanbladak egin dituzte bazkalostean, taldeka eta guztiak batera. Ondoren, elkarretaratzea egin dute liburutegiaren pareko biribilgunean. Ertzaintzaren bi furgoneta bertaratu dira, baina ezer gertatu aurretik sartu dira ikasleak liburutegira, eta ertzainek alde egin dute.
Arratsaldeko asanbladan gauean zer egin eztabaidatu dute. Izan ere, errektoretzatik gaua pasatzeko beste leku bat proposatu diete, bertan emanez gero, "arazoak" egon zitezkeelakoan. Liburutegiko materialak sortu du kezka, besteak beste. Ikasleek, baina, behin eta berriz errepikatu dute asanbladan materiala zaindu egingo dutela. Eta, azkenik, gaua bertan ematea erabaki dute.
Ikasleak dauden tokian jarraituz gero arazoak egon daitezkeela dio errektoretzak: "Liburuak arriskuan daude". #M27Greba#LiGUREtegia
— Oihan Vitoria (@oihanvito) March 27, 2014
[#M27Greba Donostia] Liburutegiaren itxialdiak aurrera jarraituko duela erabaki da asanbladan #LiGUREtegia
— Topatu.info (@topatuinfo) March 27, 2014
Eguerdian sartu dira liburutegira, bertan bazkaldu dute, eta asanbladak egin dituzte; bai talde txikitan, bai guztiak batera. Arratsaldekoan gauean zer egin erabaki behar zuten, baina erabakirik hartu gabe elkarretaratzera atera dira liburutegiaren pareko biribilgunean. Giza katea osatu dute, biribilgunea inguratuz. "Ikasle altxa, hasi da iraultza" eta "Kapitalismoa, hezkuntzatik kanpora" oihuak entzun dira. Twitter bidezko jarraipena egiteko, #liGUREtegia traola erabiltzen ari dira.
Istiluak Iruñean
Mobilizazioak etengabekoak izaten ari dira Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan. Bilbokoa, esaterako, istilurik gabe bukatu da, baina ez da hala izan Iruñean. Gutxienez, 10 lagun atxilotu dituzte gaur: goizean zortzi, eta arratsaldean bi, Europa Pressen arabera —Iruñerriko Ikasle Abertzaleek hiru izan direla diote—. Goizean atxilotutako bost aske utzi dituzte, EFEren arabera, adingabeak direlako. Atzo debekatu zuten arratsalderako iragarrita zuten manifestazioa, eta kazetariei jakinarazi diete bertan behera utzi dutela. Aitzitik, beste manifestazio bat egin dute, Atxilotuak askatu lelopean, eta Espainiako Polizia oldartu egin zaie manifestariei. Azken informazioen arabera, beste hiru lagun atxilotu dituzte.
ADI ! Polizia nazionalak erabat hartua du Iruñeko alde zaharra. Kargak non nahi etzuten dira. Alde hemendik! Utz gaitzazue pakean!
— Gaztiak Planto (@gaztiakplanto) March 27, 2014
GOIZEAN 8 GAZTE ATXILOTUAK IZAN DIRA, ETA ARRATSALDEAN BESTE HIRU GUTXIENEZ! #ATXILOTUAKASKATU
— Iruñerriko Ikasleak (@IrunerrikoIA) March 27, 2014