Egun ofiziala Aste Nagusiko V. Saskibaloi Txapelketarekin hasi da, Sagueseko kaiolan, eta 10:00-13:00 bitartean izan da lehiaketa. Piratek, ordea, umeentzako tailer batekin hasi dute eguna La Flamenka inguruan 11:00etan, eta Kantujira egin dute ondoren.
Arratsaldean, Donostiako piratek harrera egingo diete 16:30ean Bilboko, Iruñeko, Baionako eta Gasteizko lagunei, eta hiriburuen arteko jolasei ekingo diete jarraian. Altxorraren bila jokoa antolatu dute 18:00etarako, eta, hori amaitzean, Elektrokeitan-ek musika jarriko du Parte Zaharrean zehar.
Egitarau ofiziala ere bizi-bizia izango da. 18:00etarako, haurrentzako Munduko arkitektura tailerra antolatu dute Kursaaleko Zurriola terrazan. Ordu erdi geroago, The Joselontxo's eta A Gritos Bands txarangak kaleak girotuko dituzte. Egunero bezala, 20:00etan folklore ikuskizuna eskainiko dute Konstituzio plazan; gaur, Eskola Dantza taldearen bitartez.
Bi egitarau, hainbat kontzertu
Piratek afari girotuaz gozatuko dute Trinitate plazan 22:00etan. Eguna eta gaua bereiziko ditu Su Festen 50. Nazioarteko Lehiaketak 22:45ean, Pirofantasia su etxearen suekin (Valentzia, Espainia).
Kontzertuak nagusituko dira Donostiako hainbat tokitan suen ostean. La Flamenkan, Gose eta Kasernarat taldeek kontzertua eskainiko dute, eta Nautikoan, berriz, Madgic DJak musika jarriko du.
23:30ean, Ingo al deu taldeak erromeria piztuko du Konstituzio plazan, eta Txertubik euskal folkloreko kontzertua emango du Bulebarreko kioskoan. Gatibu Saguesen arituko da 23:45ean hasita.