Gaur, Baionan, bere burua abertzale eta ezkertiartzat duten hogei bat hautetsik Bil Gaiten manifestua aurkeztu dute. Manifestua sinatu duten 40 bat hautetsien izenean, biltzeko deia egin dute.
Sinatzaileen artean Euskal Herria Bai plataformaren barnean aukeratuak izan diren batzuk daude, baita bestelako aliantzen aldeko hautua egin dutenak ere. "Biltzeko unea da", esan dute, eta azaldu dute aurrera begira elkarlanean aritzeko erabakia hartu dutela.
Agerraldian argi utzi nahi izan dute erabakia ez dutela hartu 2011-2012an Frantzian izango diren hauteskundeei begira. Ezinbestekotzat jo dute aurrerago begiratzea; herrietan kokatu dute elkarlanaren abiapuntua. Ez dute gehiago zehaztu ekimenaren ibilbidea. Azaldu dute gaur aurkeztutako agiriaren bidez alderdi eta oinarri sozialari zuzendu zaiela eta orain horien iritzia jasoko dutela.
Sustatzaileek dei egin dute azken urtetan sakabanaturik izan diren indarrak batzeko; EH Bai eta Bilduren esperientziak jarri dituzte adibidetzat.
Uztailaren 16ko manifestaziora joateko deia
Sinatzaileek adierazi dute hegoaldean ezker abertzaleak abiarazitako prozesu demokratikoari beren babesa ematen diotela. Honekin batera, dei egin dute estatuek daramaten jarrera errepresiboari aurre egin eta hori salatzeko uztailaren 16an egingo den manifestazioan parte hartzeko.
Agerraldian egon direnak:
Mahainean, besteak beste, Mattin Etxepare, EAko Iparraldeko idazkaria eta hautetsia Lekornen; Ixabel Etxeberria, Urruñako Herritarrak taldeko kidea, hautetsia eta garaian EHAko zerrenda-burua; Alain Iriart, Hiruburuko auzapeza eta etiketarik gabeko kontseilari nagusia Pauen; Daniel Olzomendi, Izurako auzapeza eta azken kantonamendu hauteskundeetan EH Baiko hautagaia Iholdi aldean; Biarritzeko Herriko Etxean hautetsi eta Kultura arloko arduradun den den Jakes Abeberri eta Iker Elissalde, Hendaiako hautetsia.
Haien atzean beste ordezkari esanguratsu hainbat, horien artean Garazi Baigorriko Herri Elkargoaren burua, Jean Mixel Galant; Panpi Dirassar, Batera plataformaren ohiko bozeramalea; Battit Amestoi, Uztaritzeko hautetsia, Peio Claverie, Biarritzeko hautetsia.