Handia izatea espero zen gaur Iruñean Altsasuko auziko epaia salatzeko egin den manifestazioa, eta halaxe izan da. Ez da justizia. Altsasukoak aske lelopean, jendetza elkartu da, eta argia izan da aldarrikapena. Hiru lelo entzun dira nagusiki: “Altsasukoak askatu”, “Hau ez da justizia”, eta “Alde hemendik, utzi bakean”. Antolatzaileen arabera, 80.000-90.000 lagun bildu dira.
Eta, handia ez ezik, hunkigarria ere izan da. Preso dituzten gazteen gurasoek eman dute pankarta, eta jendearen beroa jaso dute ibilbide osoan zehar. Bukaerako ekitaldian, berriz, beraiek izan dira jendeari eskerrak eman dizkiotenak, denen emozioak azaleratuz. Eta gauza bat esan dute argi: beraien semeak aske izan arte ez diote borroka egiteari utziko. Oihan Arnantz, Jokin Unamuno, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Adur Ramirez de Alda, Aratz Urrizola eta Iñaki Abaden eskubideez gain, justizia bera ere jokoan dagoela uste dute, eta, horregatik, demokrazia bere onera ekartzeko eta eskubide eta eskatasunak berreskuratzeko mahai bat sortzeko eskatu dute.
Berezia zen gaurko prestatutako ibilbidea, eta erronka handia zen han martxa egitea. Iruñeko hego-ekialdetik abiatu da, Sadar futbol zelaitik, eta Karlos III.aren etorbidearen amaieran amaitu da. Lau kilometro guztira. Baina manifestazioa ez da txiki geratu. Ondo bete ditu lau bideak, eta argi gelditu da jendetza ikaragarria batu dela. Ibilbidea desberdina izanik zaila da beste manifestazioekin konparazioak egitea, baina historikotzat jo dute hainbatek:
Manifestazioaren aurrealdea Rural Kutxaren egoitza nagusiaren parean dago. Atzealdea, Zaragoza etorbidean sartzen. Hortaz, etorbidearen luze-zabalera osoa hartzen du manifestazioak. Historikoa. @berria#AltsasukoakASKE
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) 2018(e)ko ekainaren 16(a)
Ibilbide osoan zehar, manifestaziora batzeko prest zegoen jendea topatu dute pankarta zeramaten Altsasuko Gurasoek. Harrera beroa egin diete une oro, txalo zaparrada beroak emanez. Burua Zaragoza etorbidera eta Foruen plazara iristear zenean, azkenak Sadarretik ateratzen ari ziren.
Euskal Herri osotik joan da jendea Iruñera, baina kanpotik ere bai. Esate baterako, nabarmena izan da Kataluniatik jende ugari etorri dela, Senyera ugari ikusi baita ibilbidean.
Jende anonimo ugari izan da manifestazioan, eta baita ezagunak ere. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren babesa ez ezik, hainbat alkateren alderdiren, sindikaturen eta talderen babesa ere bazuen gaurko protestak. Horregaitik, Iruleko kaleetan izan dira Maria Solana Nafarroako Gobernuko ordezkaria, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Joseba Egibar EAJren EBBko burua, Miren Zabaleta Sortuko zuzendaritzako kidea...
"Boterearen abusua izan da. Ezin da onartu hau"
Manifestazio osoa izan da hunkigarria presoen senideentzat, baina, amaierako ekitaldian lehertu dira emazio horiek. Malko asko ikusi dira.
Jon Maia bertsolariak abestutako segidillarekin hasi da ekitaldia, eta El Drogasek ere abestu du, besteak beste.
Hainbat gurasok hartu dure hitza, eta denek, ezeren gainetik, eskerrak eman dizkiete alboak dituzten guztiei. Urrizolaren amak espetxetik etorri berritan hitz egin du, eta haren izenean esan du, urrun egon arren ondo sentitzen dutela elkartasuna. Oso-oso eskertuta daudela. Ama gisara, espetxetik bueltak benetan gogorrak direla aitortu du. Badakitela bide luzea gelditzen dela, baina itxaropentsu da, lortuko dutela justizia egitea, berandu izada ere. "Badakigu hor egongo zaretela lortzen dugun arte".
Jokin Unamunoren amak haren eskutitza bidali du, eta azpimarratu du "terrorismoa" egotzi ez badiete mobilizatu den jendeari esker izan dela. Eskerrak eman dizkie haiei denei. Elkartasuna igorri die euskal presoei, kataluniakoei, erbesteratuei, CDRei, rap abeslariei...
"Gizarteak ezin du onartu gehiago horrelakorik gertatzerik", ohartarazi dute gurasoek. Auzibidearen fase guztietan urratu dizkietela eskubideak salatu dute. Ihes egiteko arriskua argudiatuta salbuespeneko neurri ugari hartu direla salatu dute, baina iheserako arriskurik ez dela egon eta ez dagoela argudiau dute. "Aske behar lukete, etxean, lanean eta ikasten". Hala, “halako gehiago gerta ez dadin”, legezko neurriak eskatu dituzte, eta proposamen zehatza egin dute: osatzeko demokrazia bere onera ekartzeko eta eskubide eta eskatasunak berreskuratzeko mahai bat.