Zubietako errauste plantaren obrak martxan dira jada. Gipuzkoako Foru Aldundiak iragan astean iragarri zuenez, atzo abiatu zituzten lanak, eta bihar egingo dute inaugurazio ofiziala, lehen harria jarriz. Obren hasierarekin batera, errausketaren aurkako dozenaka elkarretaratze egin zituzten atzo iluntzean; Gipuzkoako hogei herritan baino gehiagotan izan ziren protestak, besteak beste, Donostian, Arrasaten, Errenterian, Zestoan, Azkoitian, Urretxun, Hondarribian, Hernanin... Bestalde, EAJren Gipuzkoa Buru Batzarraren egoitzara zaborra bota zuten Ernaiko kide batzuek arratsaldean; pintaketa bat ere egin zuten, eta pankarta bat eskegi. Bihar goizean ere izango dira mobilizazioak: erraustegia egingo duten lekura joatera deitu dute.
Azpiegituraren lanek 30 hilabete iraungo dute, diputazioak jakinarazitakoaren arabera. Horren barruan errauste planta eta tratamendu mekaniko-biologikorako planta egingo dituzte. Ekondakin izeneko aldi baterako enpresen elkarteak egingo ditu obrak, eta, ondoren, azpiegitura kudeatuko du 32 urtez.
Errausketari alternatibak
Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitu du biharko mobilizazioetara, Erraustegirik ez, ez gure izenean lelopean. Aldundiari proiektua eten dezala eskatuko dio. Alternatibak badaudela gogorarazi du, «garbiagoak, osasuntsuagoak eta merkeagoak». Hondakinak murriztu, eta sortutakoa sailkatu eta tratatzearen alde egin dute. Horretan aurrera egitea «denon betekizuna» dela hausnartu du mugimenduak.
Dozenaka protesta egin dituzte, errauste plantaren lanak hasi direla salatzeko
Bihar egingo dute inaugurazio ofiziala, lehen harria jarriz. Errausketaren Aurkako Mugimenduak proiektua eten dezala eskatu dio aldundiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu