Zortzi boto alde (NaBai, PSN, Ezkerra, Bildu), eta zazpi abstentzio (UPN, PPN). Droga Mendekotasunaren Aurkako II. Plana onartu du Nafarroako Parlamentuak. Osasun Batzordean aurrera egin dute, halaber, PSNk agiriari aurkeztutako hamabost zuzenketek, sozialistekin batera, Ezkerrak, NaBaik eta Bilduk aldeko boza eman baitiete. Hamaseigarren bat ere bazuten PSNko parlamentariek, baina bazter utzi, eta PPNk ildo berean aurkeztutakoari eman diote aldeko boza, azkenean. Zuzenketa horien bidez, batez ere,plana giza baliabidez eta diruz hornitzeko urratsa egin nahi izan du PSNk, Maite Esporrin parlamentariak azaldu duenez. Ildo horretan, lehendabiziko zuzenketaren bidez, planaren ardura hartuko duen pertsona izendatzeko eskatu dute sozialistek; izan ere, Droga Mendekotasunaren Aurkako Planeko burua kargutik kendu eta gero, hutsik utzi du postu hori gobernuak, eta ardura Osasun Publikoaren Institutuaren esku dago orain. Laugarren zuzenketaren bidez, berriz, planarentzako aurrekontua zehazteko eskatu dute sozialistek, eta haiekin bat egin duten taldeek. Hilabeteko epea eman diote Osasun Departamentuati batzordean aurrekontuaren berri eman dezan.
Parlamentuko talde guztiek ontzat jo dute Droga Mendekotasunaren Aurkako II. Plana, mendekotasun horri aurrea hartzeko, bai eta haren ondorioak artatzeko asmoak agertzen dituelako. "Asmo onez betetako plana da", errepikatu dute, bertzeak bertze, Bilduko, Aralar-NaBaiko eta Ezkerrako ordezkariek. Asmo horiek garatzeko bideak zehaztu gabe daudela erantsi dute, ordea, eta kezka agertu dute hori egin ahal izateko izanen diren diru sailei buruz. Kezka hori, datuen bidez islatu du, adibidez, Ezkerrako Marisa de Simonek. "2013rako, plana kudeatzeko saila 4.000 eurokoa baino ez da; duela lau urte 125.000koa zen aurrekontu hori; udalen programak laguntzeko saila 500.000 euro ingurukoa da, hau da, iaz baino %20 gutxiago; drogramendekotasunaren aurka lanean ari diren elkarteak diruz laguntzeko saila, berriz, 210.000 eurokoa da, iaz baino %17 gutxiago".
Aurrera egin duten zuzenketen bidez, bertzeak bertze, Nafarroako Parlamentuak onartu du droga mendekotasunari buruzko behatokia eratzea, adin gabeen artean alkoholaren kontsumoa kontrolatzeko neurriak martxan jartzea, enpresetan drogen kontsumoari aurrea hartzeko neurriak zehaztea, drogramendekotasuna duten pertsonak buruko osasun etxeetan artatzea, eta ludopatiaren gisako eta teknologia berriekin lotutako mendekotasunak artatzeko programak prestatzea. Batzordeak onartu du, halaber, gobernuko arduradunek urtean behin Parlamentuan agertzea, plana garatzeko zer urrats egin diren azaltzeko.