Ertzaintzak droga saltzen zuen sare bat desegin du Bilbon, eta lau lagun atxilotu ditu; tartean, taldeko burua. Horrekin batera, 49 kilogramo heroina, mila dosi kokaina, balantzak eta informatika materiala atzeman ditu.
Ertzaintzak ohar baten bidez azaldu du ostiralean desegin zutela sarea, eta sareko hiru lagun Donostian atxilotu zituztela. Taldeko burua, berriz, Bilbon atzeman zuten.
Sareak Bilbon egiten zuen lan, eta hainbat droga mota saltzen zituen —bereziki, heroina—, inguruko hainbat hiritan.
Iturri berberen arabera, sarearen burua 40 urteko gizonezko bat da, eta supermerkatu bat erabiltzen zuen estalgarri gisa. Droga Europako iparraldetik ekartzen zuela gaineratu du Ertzaintzak.
Outage operazioa iaz hasi zuten, supermerkatu horretan legez kanpoko ekintzak egiten zirela susmatuta.