Urteetako joera hautsiz, aurten, behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mota guztietako drogen kontsumoak, kalamuarenak salbu. Adinak zerikusi handia du kalamuaren kontsumoan. Izan ere, 45 urte baino gehiago duten herritar ia gehienek ez dute erretzen. Ordea, 15 eta 19 urte bitarteko gazteen %39k azken hilabetean hartu dute, eta %13k egunero erretzen dute.
Datu horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburu Javier Madrazok atzo aurkeztu zituen. 'Euskadi eta drogak 2006' azterketan biltzen dira. Eusko Jaurlaritzaren Drogamenpekotasun Zuzendaritzak bi urtean behin halako ikerketa egiten du, 15 urtetik gorako herritarren artean.
Bi mila herritarren artean eginiko ikerketaren arabera, EAEn legezkoak diren drogen artean gehien kontsumitzen direnak alkohola eta tabakoa dira. Alkoholaren kontsumoa asteburuetara mugatzen da gehienbat, eta astean zehar, %8k baino ez dute edaten. Nolanahi ere, 15 urtetik 24 urtera bitarteko gazteen ia %23k asteburuetan gehiegi edaten dutela adierazi dute.
Alkoholaren atzean, tabakoa da euskal herritarrek gehien kontsumitzen duten droga. Hala ere, erretzaile ohien portzentajea igo da.
KONTSUMOA ETA ADINA. Legez kanpoko drogen esparruan, kontsumo gehienak esperimentalak izaten direla antzeman du Drogamenpekotasun Zuzendaritzak. Hau da, adinean aurrera egin ahala droga hartzeak atzera egiten du. Madrazok azaldu zuenez, 24 urtetik aurrera nabarmen jaisten da droga horien kontsumoa.
Kontsumoak esperimentalak izan arren, gazteak gero eta lehenago hasten dira drogak kontsumitzen. Kalamua kontsumitzen hasten diren gazteen adina batez beste 15,3 urtekoa da. Kokaina kontsumitzen hasten diren gazteen adina batez beste 17 urtekoa da.
Drogen kontsumoaz gainera,Drogamenpekotasun Zuzendaritzak herritarrek duten pertzepzioa aztertu du, eta errealitatearekin bat egiten duela antzeman du. Izan ere, inkestaren arabera, hamarretik seik dio edatea edo erretzea larria dela.
EUROPAKO BATASUNA. Bestetik, Drogen Trafikoaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira agerraldia egin zuten atzo Europako Batasunaren Batzordeko kideek. Emaniko datuen arabera, Europako Batasunean urtero 8.000 lagun hiltzen dira drogak hartzeagatik. Drogen kontsumoaren inguruan Europako Batzordeak eginiko azterketak dio 12 milioi lagunek kalamua erretzen dutela.
Drogen kontsumoak behera egin du EAEn, kalamuarenak izan ezik
Tabakoa eta alkohola dira gehien kontsumitzen diren drogak, Jaurlaritzak egin duen inkestaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu