Gernikako Estatutua onartu zenetik 30 urte beteko dira gaur. 1979ko urriaren 25ean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek erreferendumean bozkatu zutenetik indarrean da itun hori hiru lurraldeetan. BERRIAk Estatutuaren inguruko hausnarketak bildu nahian, bi galdera hauek egin dizkie alderdiei: Estatutuaren 30.urtemuga ospatzeko arrazoirik dagoela uste duzu? Onartu zeneko adostasuna biltzen ez duenean, zer egin behar da Estatutuarekin? EAJ, PSE, EA, Aralar, EB, UPD eta ezker abertzaleko ordezkarien iritziak jaso ditugu. PPk ez dio erantzun BERRIAri.
Oscar Rodriguez
PSE-EE
«Estatutua ez dago agortuta, baina bide berriak aztertu daitezkeela uste dugu»
Estatutuaren urtemuga ospatzearen aldekoa da PSE, itun horren inguruan lortutako adostasuna handia izan zelako. Hiru ardatzen inguruan lortutako akordioa dela gogoratu du Oscar Rodriguez PSE-EEko legebiltzarkideak: «Estatutua akordio bat da Euskadin dauden pentsaeren artean, euskal lurraldeen artean, eta EAEko eta Espainiako herritarren eta lurraldeen artean. Hiru oinarri horien balioa azpimarratu beharrekoa da».
Estatutuak tresna baliagarria izaten jarraitzen duela uste du, «bizikidetza akordioa delako, eta ez transferentzien zerrenda hutsa». Haren ustez, mendebaldean ez dago EAEk adina autogobernurik duen erkidegorik. Hala ere, itun hori hobetzeko aukera badagoela erantsi du; izan ere, adostasun zabala lortuz gero, Estatutua erreformatu daitekeela uste du PSEko ordezkariak: «Estatutua ez dago agortuta, baina bide berriak aztertu daitezke, betiereegun duguna baino adostasun maila txikiagoa ez badu». Erreforma egiteko, baina, «malgu eta eskuzabal» jokatzea ezinbestekoa dela iritzi dio.
Ricardo Gatzagaetxebarria
EAJ
«Urtemuga ospatzeko arrazoirik ez dago, Estatutua hustu egin dutelako»
Gernikako Estatutuaren urtemuga ospatzeko arrazoirik ez du ikusten EAJko legebiltzarkideak, ez delako behar bezala garatu eta «hustua» izan delako Estaturen lege organikoen eta oinarrizko legeen bitartez. Estatutuaren urtemuga ospatzeko baino gehiago, gabezia horiek salatzeko erabili nahi du EAJk gaurko eguna, Ricardo Gatzagaetxebarriak azaldu duenez. Nolanahi ere, itun horren balioa garrantzi handikoa dela nabarmendudu, bereziki EAEri «botere ekonomikoa» ematen diolako.
Dena dela, EAJko ordezkariak uste du gizarteak autogobernuan sakontzeko egiten duen eskariari jarraiki, eduki politiko «sakonagoak» jasotzen duen Estatutu berria landu behar dela. Hala, Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartutako Estatutu politiko berriaren balioa aldarrikatu du: «Goiburu politiko modura hor dugu, eta balio politikoa dauka».
Tasio Erkizia
Ezker abertzalea
«Poztekoa da Estatutua defenditu zuten batzuek orain esatea agortuta dagoela»
«Ez dago inolako arrazoirik urtemuga ospatzeko, hain zuzen ere Estatutu horren helburua Euskal Herria Espainian integratzeko eta eroso sentitzeko helburuz asmatutako tresna juridiko politikoa izan zelako». Ezker abertzaleko kide Tasio Erkiziak argi dauka Gernikako Estatutuak ez diela erantzuten Euskal Herriko beharrizanei. Erkiziak gogoratu du duela 30 urte ezker abertzaleak salatu zuela Estatutua «iruzurra» zela. Denborak arrazoi eman diela uste du. «Orain pozten gara garai hartan autonomia estatutua sutsuki defenditu zuten alderdi batzuek aitortzea agorturik dagoela. Gure ustez, hankamotz jaio zen; iruzur bat zen, eta herriari saldu zitzaizkion tresna horrek ez zeuzkan birtualidadeak».
Erkiziaren irudiko, aldaketa «sakona» behar du Euskal Herriak. Ordenamendu juridiko berria behar du.Eta ordenamendu horrek hiru zutabe izan beharko lituzke: Euskal Herria subjektu politikotzat hartzea, Hego Euskal Herriko lau herrialdeen arteko lotura bermatzea, eta Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea aitortzea. «Oinarri horiek ez dituen tresna batek herri honen desitxuratze, zatiketa eta nortasunaren ukazioa ekarriko du».
Aintzane Ezenarro
Aralar
«Estatutuak ez du egitasmo politiko guztiak maila berean gauzatzea ahalbidetzen»
Gernikako Estatutuak ez du balio Euskal Herrian dauden sentsibilitate politiko guztiak biltzeko, Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkidearen ustez.«Estatutu hau ez da topagunea euskal sentsibilitate desberdinen artean, ez duelako egitasmo politiko guztien gauzatze maila berbera ahalbidetzen». Ezenarrok azpimarratu du Estatutua eztabaidatu zenean ezker abertzaleak haren aurka egiteko erabilitako argudioetako bat izan zela xedapen gehigarrian eskubide historikoei aipamen egiten zitzaiela baina ez zuela behar bezala jasotzen erabakitzeko eskubidea. Hala, Aralarreko ordezkariak uste du azken hamarkadan gizarteak nahikoa barneratuta duela Estatutua ez dela tresna egokia egitasmo politiko guztiak gauzatzeko.
Estatutu Politiko Berriaren Proposamena eta Kontsultaren legea mugarri garrantzitsuak izan direla eta bide horretan aurrerapausoak ematea ezinbestekoa dela dio Ezenarrok. Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartutako Estatutu Berrirako Proposamenean ikusten du Ezenarrok XXI. mendean autodeterminazioa ulertzeko gakoa. «Gehiengoa bildu behar dugu erabakitzeko eskubidea eta bide politiko hutsen aldeko apustuan».
Pello Urizar
EA
«Euskal gizartearen erabaki eskubidean oinarritutako marko berria behar dugu»
Estatutuaren urtemuga ospatzea «zentzugabekeria» dela uste du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak. «Nola ospatuko dugu Espainiako Estatuak 30 urte daramatzala lege organiko hori etengabe urratuz eta lege hori betetzeko inolako borondaterik ez duela erakutsiz?», galdetu du. Urizarrek PSEren eta PPren jarrera gogor kritikatu du, Estatutua sutsu defendatzen duten bitartean, eguneroko jarduera politikoan haren garapena «oztopatu» eta eskuduntzak «mozten» dituztelako.
Estatutua «agortuta» dagoela eta lehenbailehen gainditu beharreko akordioa dela uste du EAko idazkari nagusiak. «Gernikako Estatutuak ez digu balio jada, herri gisa XXI. mendeak ekarriko dizkigun erronka sozial, ekonomiko, politiko edota kulturalei behar bezala aurre egiteko». Estatutuak egun ez duen adostasuna bilduko duen beste marko juridiko-politikoa ezinbestekoa dela gaineratu du: «Euskal gizartearen erabakitzeko eskubidean oinarritutako marko berria behar dugu». EAk Euskal Herrian «bakean, justizian eta giza eskubideen errespetuan» oinarrituko den abertzaleen arteko akordio berri bat lortzeko lan egingo duela berretsi du Urizarrek.
Mikel Arana
Ezker Batua
«Estatutu berri baten inguruan adostasun zabala lortu beharko genuke berriro»
Ezker Batuarentzat gaur ez dago zer ospatu. Eta zerbait ospatzeko egongo balitz, duela 30 urte Gernikako Estatutua onartzeko izandako adostasuna baino ez litzateke izango. Besterik ez. Horrela adierazi du Mikel Arana Ezker Batuko legebiltzarkideak: «30 urte igaro dira eta oraindik Estatutuan jasotako hainbat eskumen transferitzeke daude; horregatik, urtemuga ospatzeko batere arrazoirik ez dagoela uste dugu, eta are gutxiago PSEk eta PPk ospakizunik antolatzeko».
Egoera horretatik abiatuta, Estatutu berria egitea ezinbestekotzat jo du Aranak, eta Kataluniako, Valentziako eta Andaluziako adibideak jarri ditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere «beldurrik gabe» heldu beharko litzaioke Estatutu berria adosteari, haren hitzetan. Itun berri horren inguruan «adostasunzabala» lortu beharko litzateke eta erabakitzeko eskubidea jaso beharko lukeela azpimarratu du EBko legebiltzarkideak.
Gorka Maneiro
UPD
«Estatutuak eta Konstituzioak euskal herritarren arteko bizikidetza bermatzen dute»
Estatutuaren urtemuga ospatu beharra dagoela zalantzarik ez du UPDko kideak. «Espainiako Konstituzioarekin batera, Estatutua da euskal herritarren arteko bizikidetza bermatzen duen tresna juridikoa», adierazi du. Osorik garatugabe dagoen arren, erabateko balioa izaten jarraitzen duela uste du. Hala ere, Maneirok azaldu du UPDk bestelako eredu baten aldeko apustua egiten duela: «Espainiako eskualdeak maila berean egongo diren Estatu federala nahi dugu». Estatutuak garai batean zuen adostasuna galdu izanaren erantzukizuna «fronte nazionalistari» egotzi dio Maneirok, alderdi abertzaleek Estatuarekin «apurtu» nahi dutelako. «Independentzia defendatzen dutenek itun hori mespretxatzen dute».
Duela 30 urteko adostasunik ez
Erabaki eskubidea jasotzen duen estatutu berria beharrezkoa dela uste dute EAJ, EA, Aralar, EB eta ezker abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu