Gaurko ekitaldian, Behatokiaren ibilbidea jasotzen duen CDa aurkezteaz gain, erakundearen hastapenak ere ekarri dituzte gogora. “Duela 5 urte gure gizartean ez ziren hizkuntza-eskubideak bermatzen eta ez geunden eskubideetan atzerapausoak onartzeko prest”, azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi eta Behatokiko presidente den Xabier Mendigurenek. “Hasieratik bertatik bagenekien erakunde honek iraungitze-data izan behar zuela, alegia, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzen direnean Behatokiak amaiera eman beharko diola beharrari”, gaineratu du Bilbaok. Zoritxarrez, eta 2005eko txostenak argi uzten duen bezala, “euskara erabili nahi izatea garesti, hizkuntza-eskubideak urratzea, aldiz, merkea da” oraindik Euskal Herrian.
Honengatik guztiagatik, hizkuntza-eskubideak bermatzen diren arte, "ahalik eta proiektu eraginkorrena" eskaintzea izango da Behatokiaren xedea. Ildo honetatik, Behatokiak zerbitzua abian jarri zuenetik,hizkuntza-eskubideen egoerari buruzko txostenak argitaratu ditu, salaketak nahiz txalotzeak jasotzeko euskararen telefonoa sortu du, azterketa berezituak kaleratu ditu eta nazioartean hizkuntza-eskubideen berri eman du, besteak beste.
“Jakin badakigu Behatokiak ezin dituela eskubideak bermatu, eta ez da inoiz ere bere bokazioa hori izan”, aipatu du Paul Bilbaok . Zuzendariaren arabera zeinek bere betebeharrak zein diren jakin behar du, eta Behatokiak badaki zein diren bereak. Hizkuntza- eskubideen bermerako lanean diharduten beste behatoki batzuekin egindako elkarlanak ere, Observatori de la Llengua Catalana zein Galiziako Observatorio de Dereitos Linguisticosekin kasu, jarraitu beharreko norabidea zehazten lagundu diote Behatokiari, kontuan harturik hiru Behatokiak gizarte-eragileek sortuak izan direla. Erakunde hauekin lankidetzarako esparru komunak finkatu dituzten arren, “bakoitzak bere errealitateari eutsi behar dio”, azaldu du Bilbaok. Izan ere, Hizkuntz Eskubideen Behatokia da administrazio autonomikoetatik laguntza jasotzen ez duen bakarra.“Erabat ulertezina; ulergaitza behinik behin”, salatu du Behatokiko zuzendariak.
“Baina gaurko eguna ez da atzera begiratzekoa bakarrik”, gogorarazi du Bilbaok. Izan ere, azken urteotako lanak erakutsi die aurrera nola egin. “Erronka berrien artean iparraldean lan berezitua egitea dugu hurbilen”, aurreratu du Behatokiko zuzendariak. Izan ere, hurrengo urtean Behatokiak Baionan irekiko du ordezkaritza.
Azkenik eskerrak emateko aukera baliatu du Bilbaok: “eskerrik asko eskubideen urraketen aurrean gurera jotzeko konpromisoa hartzen duzuen herritarroi”.
Gizartea
Duela 5 urte sortu zenetik, hizkuntz eskubideen inguruko 4.100 espedientetik gora bideratu ditu Behatokiak
Urteurrena ospatzeko Iruñean bildu dira gaur euskalgintzako, instituzioetako zein gizarte eragileetako ordezkariak. Etorkizunean "ahalik eta proiektu eraginkorrena" eskaintzea izango dutela xede agertu du Paul Bilbao Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu