MH370 HEGALDIA

Duela urte eta erdi desagertutako hegazkinaren pieza bat aurkitu dutelakoan dago Malaysia

Afrikako Reunion uhartean aurkitu ondoren, Parisera bidali dute ikertzera. Joan den urteko martxoan desagertu zen Boeing 777-200 hegazkina; 239 pertsona zerematzan Kuala Lumpurtik Pekinera.

Frantziako gendarmeak Afrikako Reunion irlan aurkitutako pieza ikertzen. EFE
2015eko uztailaren 30a
13:04
Entzun

Sekula izan gabeko misterioa argitzeko esperantza sortu du Indiako Ozeanoan, Reunion irlan (Afrika), aurkitutako hegazkin baten hondakinak. Datozen orduetan Frantziara bidaliko dute Afrikako kostaldeko irlan topatutako pieza, MH370 hegaldari dagokion ala ez zehazteko. Uharteko autoritate frantsesek ez dute hipotesirik baztertzen: “Hondakinen jatorria ezin izan da identifikatu, oraingoz”.

Orain arte bilaketak egiten aritu diren Australiako kostatik 6.000 kilometro ingurura dago Reunion. Garbitzaile batek aurkitu du pusketa, Saint-Andre udalerriko hondartza batean, eta hiru metroko luzera du. Malaysiako Garraio Ministerioak azpimarratu du ez dutela  “esperantza faltsurik” sortu nahi desagertutakoen senideengan eta, horregatik, frogarik izan arte ez dutela “espekulatuko”.

Istripu gehiago inguru berean

2006an irlaren itsasertzean istripua izan zuen hegazkin baten puska izan daitekeela ohartarazi dute hango adituek. Ezbehar hartan, 154 bidaiarietatik 14 urteko neskatila bat izan zen bizirik atera zen bakarra. Pusketa itsas maskorrez beteta dagoela eta ur azpian denbora asko pasatakoa dela jakinarazi du bertako hedabide batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.