gizartea

Duela urtebete hildako gizonezko baten gorpua topatu dute Gasteizen

Alde Zaharreko etxe batean topatu dute, bizilagunek usainagatik abisua eman eta urtebetera.

2018ko uztailaren 19a
18:31
Entzun

Gutxienez urtebete zeraman hilda, Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza batean hilda topatu duten gizonezkoak. 54 urte zituen, eta bizilagunek usain txarra zegoela abisu eman ostean topatu dute. Ez diote indarkeria zantzurik ikusi gorpuari, eta heriotza naturala izango zela ondorioztatu dute.

Berri agentziek zabaldu dutenez, hilda topatu duten gizonezkoak Gasteizko Udalaren gizarte laguntzak jaso zituen 2010ettik 2014ra bitartean. Ez zuela laguntza gehiago nahi esan zuen berak, eta beraz, zerbitzu hori emateari utzi zioten gizarte zerbitzuek. Bere familiarekin harremanik ez zuela ere zabaldu dute, eta horregaitik ez zuela inork bere desagertzea salatu.

Bizilagunek iazko ekainean eman zuten abisua etxebizitzatik usain txarra ateratzen zela. Berri agentziek udaleko iturriak aipatuz zabaldu dutenez, udaltzainak bertara joan ziren iazko uztailean, baina usain txarra zegoela baieztatu arren ezin izan zuten barrura sartu, agindu judizialik ez zutelako. "Kasu hauetan aplikatzen den prozedura" abiatu zuten orduan. Hau da, etxejabeari etxea garbitzeko eskatuz hainbat gutun igorri zizkioten. Erantzunik ez zuten jaso, eta aldizkari ofizialean ere argitaratu zuten oharra. Abenduan berriz joan ziren udaltzainak etxera, eta usaina zegoenez, berriz ekin zioten prozedura berari. Arrakastarik ez zutenez izan, etxera sartzeko baimena eskatu ziote epaileari.

Maiatzaren 3an egindako eskaerari uztailaren 11n iritsi zitzaion baiezko erantzuna, eta 16an sartu ziren etxera. Gizonezkoaren gorpua topatu zuten, nahiko ustelduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.