Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokara etzi joango diren herritarrei arropa berdea eramateko deia egin die Independentistak sareak. Egun horretarako elkarretaratzea du antolatua sareak, 12:00etan, Landako erakusketa azokaren kanpoaldean. Elkarretaratzearekin batera «argazki berdea» aterako dute. Ekimen horren bidez Independentistak sareak «ikusgarri» egin nahi du independentziaren aldeko aldarrikapena. Ordu bat lehenago, berriz, independentziaren aldeko lip dub bat egingo dute, Sarri sarri kantupean.
Espainiako Konstituzioak 32 urte egingo ditu etzi. Independentistak sarearen aburuz, «ukazioaren» ikurra da Konstituzioa. «Herri bezala gure izatea ukatu eta ustezko 'pueblo español' baten erabakien menpeko egiten gaitu, euskaldunok bertako partaide izatea inoiz erabaki ez badugu ere». Hori hala, herritarrei dei egin die independentziaren aldeko ekimenetan engaiatzera.
Mezu bera igorri du LAB sindikatuak. Etziko eguna «lan egutegi propioa» aldarrikatzeko eguna dela nabarmendu du. «Espainiako Konstituzioaren eguna inposatuz irain egiten digute euskal langileoi». LABek jakinarazi duenez, sindikatuaren egoitza guztiak zabalik egongo dira egun horretan.
Durangoko Azoka berdez janzteko deia egin dute etziko
Independentistak sareak antolatuta, elkarretaratzea egingo dute 12:00etan Landakon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu