27 urteko gazte bat atxilotu dute udaltzainek, gaur, Durangon (Bizkaia), neska bati sexu erasoa egitea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez, 07:30 inguruan atxilotu dute gaztea, udal liburutegiaren inguruan. Handik gutxira ertzainak bertaratu dira, eta haien esku geratu da ikerketa.
Udalak premiazko bilera bat egin du, eta EAJk, Bilduk, Aralarrek, PSE-EEk eta PPk onartu dute adierazpena. Emakumeari babesa eskaini diote diote, eta baita haren bikotekideari eta familiari, eta Udalak bere esku dituen baliabideak. Emakumeen kontrako "indarkeria guztiak" baztertzeaz gainera, datorren astelehean egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko eskatu die herritarrei, baita ostegunero Durangoko Plataforma Feministak antolatzen dituen deialdietan ere.
Tolosaldean bi bortxaketa denbora gutxian
Neska bat bortxatu zuten joan den igande goizaldean, 04:30 aldera, Tolosa eta Irura artean, Gipuzkoan. Jaietatik bueltan eraso zioten. Gisa bereko bigarren salaketa dute Tolosaldean: orain hilabete, Ibarrako festetatik bueltan salatu zuten erasoa. Gaur 19:30ean elkarretaratzea egingo dute Iruran bortxaketa salatzeko.
Tolosako, Anoetako eta Irurako alkateek presazko agerraldi bat egin zuten atzo, erasoa salatzeko. «Horrelako gertaerek ez dute barkamenik, eta ez dute gure mespretxu guztia besterik merezi».
Alkateek gogorarazi zuten orain hilabete gisa bereko beste salaketa bat jaso zutela eskualdean. Ibarrako festak ziren orduko hartan, eta handik bueltan Tolosara zihoan neska batek azaldu zuen eraso egin ziola gizon batek. Aurre egin zion, eta ihes egin zuen gizonak.
Beste hiru gizon atxilotuta
Bilbon, 28 urteko gizon bat atxilotu dute aste honetan, bikotekideari eraso ziolakoan. Ertzaintzak azaldu zuen emakumea balkoitik behera botatzen saiatu zela gizona. Gasteizen, 26 urteko gizon bat atzeman dute, bikotekideari kalean eraso ziolako. 18 urteko mutil bat inputatu egin dute.