BERRIA TALDEA

Durangon Berrialaguna egiteko aukera dago

'Zure ziztada behar dugu' kanpainarein, BERRIAren ohiko produktuez gain, Berrialagun egiteko eskuorriak daude, baita horiek hartu eta nahi duenak bere inguruan banatzeko ere.

2011ko abenduaren 5a
11:16
Entzun

Astebete pasatxo da BERRIA Taldeak Zure ziztada behar dugu kanpaina abian jarri zuenetik. Harrezkero ehunka batzuk dira Berrialagun egin direnak. Helburua, ordea, gutxienez 5.000 Berrialagun izatea da, BERRIA Taldeak etorkizuneko erronkei eusteko eta indartzeko. BERRIA Komunitateko kideek zenbait abantaila izango dituzte BERRIAren zenbait produktuetan eta BERRIA Taldeak bere jardueren informazio eguneratua igorriko die.

Hainbat modu daude Berrialagun egiteko, eta Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan ere bada horretarako aukera, atzotik ostegunera BERRIAren stand-ean. BERRIAren ohiko produktuez gain, BERRIA Komunitateko kide egiteko eskuorriak daude, eta horiek hartu eta ingurukoen artean banatu nahi dituenak ere eskura ditu eramateko. Kanpainako leloak iradokitzen duen moduan, erleek abaraska bezala, proiektua denon artean egitea asmoa. 

Ehun euro jarriko dituzten 5.000 lagun

Azaroaren 26an kanpaina abiatu zenetik hainbat dei eta posta elektriko jaso dira BERRIAren egoitza nagusian, Andoainen (Gipuzkoa), informazio eske. Webgune berezia sarean da horregatik, eta informazioa eta Berrialagun zuzenean egiteko bidea eskaintzen ditu. Jendearen ahalmenaren araberako diru laguntza izango da BERRIA Komunitatetik etorriko dena, baina helburua urtean ehun euro jarriko dituzten 5.000 elkartzea da.

"BERRIA zaleon komunitatea indartu eta elkarrekin proiektuaren geroa ziurtatu nahi dugu", esan zuen Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak. Hedabideen kontsumo ohituren aldaketaren ondorioz, paperean irakurle kopurua mantentzen den arren eta Interneten bisita asko diren arren, BERRIA Taldearen egoera zaila da. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak", adierazi zuen Larrartek.

Interneten hedabideetan izan duen eraginaren ondorioz, kanpaina bereziki zuzentzen zaie egunero BERRIA Taldea osatzen duten webguneak erabiltzen dituztenei (BERRIAren edizio digitala, herri, eskualde eta herrialdeetako Hitzak eta Berriketan.info sare soziala, besteak beste). Edukiak Interneten doakoak direnez, webgune horietan egiten den jarraipenak ez du erronkari eutsi eta egitasmo berriei ekiteko dirurik ekartzen.

Hamargarren urteurrena jomugan

BERRIA Komunitatearen kanpainak bat egingo du BERRIAren sorreraren hamargarren urteurrenarenarekin. 2003an sortu zen BERRIA egunkaria, ekainean, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren ostean, herritarrek egin zuten ekarpenari esker. Hamar urtetan lan asko egin da eta egitasmo ugari garatu dira. Orain jardunari eusteko eta euskarazko hedabideen arloan hazten jarraitzeko herritarren laguntza behar du berriro BERRIA Taldeak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.