Gaur osatu dute EAE-Akitania eskualdea, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako presidenteak Gasteizen sinatutako akordioarekin. Eskualdeak organoak Hendaian du egoitza, eta Rousset izango da lehen bi urteetan lehendakari. Batzarra da organu nagusia eta hogei kide ditu, alde bakoitzetik hamarna.
Euroeskualdearen helburua EAE eta Akitania artean lana elkarrekin egiteko eremua sortzea da, "harreman, elkartruke eta proiekzio erkiderako mugaz gaindiko espazio handi bat sortzeko". Lopezek esan duenez, "euroeskualdean bi eskualdeak interes komuneko arloetan elkarlanean ariko dira; hala-nola, osasunean, hezkuntzan, ikerketan edo ingurumenean. Herritarrei eta enpresei jakinarazi behar diegu Akitanian lan egitea, ikastea edo ikertzea EAEn egitea bezala dela, eta alderantziz".
Euroeskualdeak Europako Batasunaren baitan sortutako erakundeak dira, eta horien sorrerak EBko kide diren estatuen baimena behar dute; kasu honetan, Espainiarena eta Frantziarena. Espainiako Gobernuak irailaren 11n eman zuen oniritzia, eta Frantziakoak, astebete geroago.
Lopezek eta Roussetek 2009an lortu zuten aipatutako akordioa, eta EAEk eta Akitaniak Nafarroari eta Aragoiri (Espainia) egitasmora batzeko dei egin zieten. Nafarroak urte hartako abenduan eman zuen ezezkoa.