Nahiz eta Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANVren 133 zerrenda balio gabe utzi dituen, alderdiak hurrengo egunetan “ezker independentistaren alternatibak” aurkeztuko ditu herrialde, herri eta auzoetan. Horretaz gain, zuzendaritzatik eta hautagaitzetatik “lege eta iritzi publiko bataila” egingo dutela ohartarazi du Kepa Bereziartua EAE-ANVko presidenteak, “ideia ezkertiar eta independentistak hurrengo hauteskundeetan egon daitezen”. Abertzale Sozialisten hautesle elkarte denak balio gabe jo izana ere salatu du Bereziartuak. Idoia Ibero EAE-ANVren Donostialdeko barrutian Gipuzkoako Foru Aldundirako zerrendaburuak eta Antxon Gomez idazkari nagusiak lagundu diote agerraldian.
Gorenaren erabakiarekin “espainiar neofrankismoaren planteamendu totalitarioenak dira hemen irabazi duten bakarrak”, Iberoren ustez. “Demokraziak erabateko porrota izan du eta lurperatu egin dute”. Gomezen iritziz, berriz, “Alderdien Legeak berriro egundoko gaitasuna erakutsi du Espainiako demokrazia are gehiago usteltzeko, baina ezker abertzale historikotik argi utzi nahi dugu ez dutela lortuko gure ideiak lurperatzea”.
Egoera honetara iristeko, “guztiz beharrezkoa izan da EAJren azpilana”, Gomezek esan duenez. “Jelkideek egoera antidemokratiko hau iritzi publikoaren aurrean zuritzeko PSOEri laguntza eman diote”.
Larunbaterako Bilbon manifestazioa antolatua dutela-eta, EAE-ANVkoek dei egin dute bertara joan eta Bilbo “duintasunez betetzeko”.
EAE-ANV: "Demokraziak erabateko porrota izan du eta lurperatu egin dute"
"Lege eta iritzi publiko bataila” egingo dutela Auzitegi Gorenak bere 133 zerrenda balio gabe utzi dituela salatzeko. Gomez idazkari nagusiaren ustez, "guztiz beharrezkoa izan da EAJren azpilana”. Dei egin dute larunbateko manifestazioan Bilbo "duintasunez betetzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu