Atentatua Bilbon

EAE-ANVk "giza eskubide guztiak" defenditzen dituela berretsi du

"Ez dugu nahi ez bata ez bestea gertatzerik", esan du gaur Bilboko atentatuaz eta Batasunaren kontrako lehengo asteko operazioaz.

2007ko urriaren 10a
19:02
Entzun
"Ez dugu nahi ez bata ez bestea gertatzerik", esan du gaur arratsaldean Arantza Urkaregi EAE-ANVren ordezkariak Bilbon, prentsaurrekoan. Bilboko atzoko atentatuaz -PSE-EEren bizkartzain bat larri zauritu zen- eta Batasunaren kontrako lehengo asteko operazioaz ari zen. "Herri honen gatazka politikoaren adierazpiderik gordinena da hori. Guk, inolako indarkeriarik ez dagoen eskenatoki berria lortu nahi dugu Euskal Heriarentzat", eta, euren alderdiak "giza eskubide guztiak" defenditzen dituela berretsi du.

Kepa Bereziartua EAE-ANVren presidenteak alderdiak, estatutuetan jartzen duen bezala, "indarkeria arbuiatu" egiten duela gogoratu du.

Ezker abertzaleak jasaten duen "errepresioa" salatu du Iruñean

Goizean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du EAE-ANVk Iruñean, legebiltzar horretan alderdia baliogabetua dagoela eta ezker abertzaleak jasaten duen "errepresioa" salatzeko. "Atxiloketak, debekuak, polizien kargak eta etengabeko manipulazio informatiboa" daudela aipatu ditu, besteak beste.

Ordu erdia iraun du elkarretaratzeak, eta "marko demokratikoa" eskatu dute hainbat lagunek. Haien artean zen Patxi Urrutia Batasunaren buruzagietakoa -lehengo ostegunean atxilotu egin zuen Espainiako Poliziak, eta Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 24.000 euroko bermepean aske utzi zuen igandean-. Nafarroako foruzainen eta Espainiako Poliziaren zaintzapean egin dute ekimena.

Txelui Moreno izan zen EAE-ANVren zerrendaburua Nafarroako Parlamenturako joan den maiatzaren 27ko hauteskundeetan, eta "herrialdeko politikan demokraziarik ez" dagoela salatu du. Hala, ez zaio iruditzen legebiltzarrak "zilegitasun demokratikorik" duenik.

Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu du Morenok. Ostiralerako manifestazioa deitua dute Iruñerako, Euskal Herriak independentzia lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.