Politika

EAE-ANVko alkateek udalen "auditoria independentea" egingo dute

Liberatuta dauden kargu publikoen soldatak jaisteko konpromisoa agertu dute, baita herritarrei hitza emateko bitartekoak jartzekoa ere.

2007ko ekainaren 27a
18:41
Entzun
EAE-ANVk Hego Euskal Herrian 42 Alkatetza dauzka (Gipuzkoan 23, Bizkaian 9, Nafarroan 9 eta Araban 1), eta gaur, "eredu parte-hartzailea, garbia eta zintzoa" lortu asmoz, legealdi honetarako hartu dituzten konpromisoen berri eman dute Bergaran (Gipuzkoan). "Herria Udalera eta Udala herriaren zerbitzura ipintzea da hartzen dugun erronka publikoa", esan du Agurne Barruso Bergarako alkateak, haien denen izenean. Alderdiko beste alkate batzuk ere izan dira agerraldian.

Konpromiso horietako bat, EAE-ANVren esku dauden "udaletan ahalik eta eperik laburrenean auditoria independentea egitea" da, hiru helbururekin: "Udalaren egoeraren berri zehatza izateko, Udala zein egoeratan hartu dagoen oinarri bat izateko eta datuen berri herritarrei emateko".

Udaletan liberatzeko erabakia hartu duten kargu publikoen soldatak jaisteko konpromisoa ere hartu dute EAE-ANVkoek. Izan ere, "azken urte hauetan, eta bereziki ezker abertzalea udaletatik ofizialki kanporatu duten hainbat herritan, liberatutako kargu publikoen kopurua eta hauen soldatak, biderkatu egin dira".

Bi konpromiso horiez gain, beste bat ere hartu dute EAE-ANVko alkateek: "Herriarengan eragiten duten azpiegitura eta makro proiektuen aurrean, herriari zuzenean hitza emateko bitartekoak jartzea". Haien ustez, herritarrek proiektu horien "informazioa jaso, iritzia eman eta erabakiak hartu" nahi dituzte. Herri bakoitzean "bertako errealitatea eta erritmoak aztertuz" bitartekoak martxan jarriko dituela dio EAE-ANVk.

Alderdi haren iritziz, herritarrek maiatzaren 27ko hauteskundeetan "aski" esan zioten, besteak beste, "dekretu bidez gobernatzeko ereduari, alkate presidentzialistak gobernatutako kudeaketa ereduari, herritarrekin ezertarako kontatu gabe eta hauen iritzirik jaso gabe gobernatzeko ereduari, eta eremu publikoan etekinak ateratzeko esku pribatuari ate denak irekitzen dion ereduari".

EAE-ANVk kudeaketa modu hori "aldatu" egin nahi duela dio, eta "herritarren parte-hartzean, demokrazian eta gardentasunean" oinarritu asmoz. Aipatutako "gutxieneko neurriak" horregatik hartu dituela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.