Politika

EAE-ANVren 122 zerrenda inpugnatu ditu Estatuaren abokatuak eta 110 Fiskaltzak

Guztira, 256 zerrenda aurkeztu ditu alderdi horrek. Besteak beste, Nafarroako Parlamentukoa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietakoak eta Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko udaletakoak daude Estatuaren abokatuak atzera bota nahi dituenen artean.

2007ko maiatzaren 3a
18:12
Entzun
Espainiako Estatuaren abokatuak EAE-ANVk aurkeztutako 256 zerrendetatik 122 inpugnatu ditu. Gainera, Nafarroako Parlamentuko zerrenda, etaAraba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietakoak daude inpugnatutako hautagaitzen artean; baita Bilbo, Donostia,Gasteiz eta Iruñeko udaletakoak ere. Erakunde horrek agertu du irizpide bakarra erabili duela inpugnazioak erabakitzeko: zerrendetako kideen %20-30ek 2003az geroztik Batasunarekin harremana izatea. Horrenbestez, Espainiako Auzitegi Gorenak eskuratu ditu Estatuaren abokatuaren inpugnazioak.

Fiskaltzak, berriz, 110en kontra aurkeztu du inpugnazioa. Irizpide juridiko hutsak erabili dituela nabarmendu du Candido Conde-Pumpido fiskal nagusiak, eta Batasunak "erabili, gidatu edo manipulatu" dituela frogatzeko aztarna nahikoa daudenen kontra soilik egin duela azpimarratu.

Atzo, berriz, beste 253 zerrendaren kontrako inpugnazioa aurkeztu zuten Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren artean, ASren izenpean aurkeztutako 246 hautagaitzaren eta 7 independenteren aurka.

Gaur bertan hasiko da 61. sala inpugnazioak aztertzen

Hain justu, atzo aurkeztutako inpugnazioak aztertzen hasteko Espainiako Auzitegi Goreneko 61. sala gaur arratsaldean batzartuko da. Nolanahi ere, sala horrek hartu du dagoeneko inpugnatutako zerrenden kontrako lehen erabakia: ez dizkiete erroldako datuak emango, han agertzen diren pertsonen "eskubideak eta bizitza arriskuan ez jartzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.