Politika

EAE-ANVren kasuak Garzonen esku segituko du

Dignidad y Justicias aurkeztu zuen salaketa, hura saihestu ahal izateko. Kereilaren ikerketa bere esku uzteko eskatu zuen Marlaskak. Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileen buru Ismael Morenok gaur hartu erabakia. Garzonek EAE-ANVren jarduna ez etetea erabaki zuen duela zenbait aste.

2007ko maiatzaren 17a
14:42
Entzun
Bost dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak eta bostetatik edozeinen esku utz zezakeen Ismael Moreno epaileek EAE-ANVren kasua. Gaur hartu du erabakia eta Baltasar Garzonen esku utzi du; orain arte Garzon bera ibili da kasuarekin. Fernando Grande Marlaska, Santiago Pedraz, Fernando Andreu eta Moreno bera ziren besteak.

Marlaskak EAE-ANVren kontrako kereila ikertzeko baimena eskatu duenean sortu da liskarra. Garzon ibili da auzi horrekin, baina San Isidrotako jai eguna baliatuz Grande Marlaska guardian zela aurkeztu zuen Dignidad y Justiciak salaketa.

"Maltzurtzat" jo du jokabide hori Fiskaltzak. Garzon Auzitegi Nazionaleko instrukzio epailea EAE-ANVren aurka irekitako auzitik "baztertu" ahal izateko "lege iruzur prozesala" egitea leporatu dio Dignidad y Justicia elkarteari. Izan ere, herenegun Dignidad y Justiciak Guardia Epaitegian aurkeztu zuen EAE-ANVren jardueren etetea eskatzeko kereila, Garzon buru den epaitegian aurkeztu beharrean. Kereila aurkeztu zutenean Marlaska zegoen Guardia Epaitegiko buru. Fiskaltzak uste du Dignidad y Justicia elkarteak egoera hori baliatu duela Garzon auzitik kentzeko, eta horregatik "zuzenbidearen erabilera maltzurra" egitea leporatu dio.

Fiskaltzaren irudiko, EAE-ANVri buruzko erabakiak Garzonek hartu beharko lituzke, auzi horrekin zerikusia duten "gertaeren berri aurretik" duelako. Fiskaltzak gogoratu du Dignidad y Justiciak birritan eskatu ziola Garzoni EAE-ANVri buruzko polizia txostenak eskatzeko eta legez kanporatzeko, baina epaileak atzera bota zuela iragan apirilaren 28an eskaera.

Garzonek orduan EAE-ANV alderdiaren jardunbidea ez etetea erabaki zuen, alderdiak "ETA-Batasunarekin inolako loturarik ez duelako". Guardia Zibila eta Espainiako Poliziak alderdiari buruz egindako txosten bateratuta aztertuta erabaki zuen Garzonek EAE-ANVren jarduna bertan behera ez uztea. EAE-ANV eta Batasuna ez direla alderdi berak iritzi zion epaileak. "Batasuna legez kanpokoa denetik, ANVk ezker abertzalearen ekitaldi batzuetan parte hartu badu ere, eta Batasuna esparru horretan kokatzen dela frogatuta dagoen arren, bere egitura izan du, Batasunaren ingurutik kanpo", zioen autoan. Hala, polizia txostenei erreparatuta, Garzonek adierazi zuen EAE-ANVk ez duela "inolako lotura, parte-hartze edo harreman organikorik ETA-Batasunarekin, ezta aldi baterakoa edo behin behinekoa ere".

Marlaskaren eskaera

Grande-Marlaskak, bien bitartean, Ismael Morenori eskatu zion EAE-ANVren aurkako sumario berria irekitzeko baimena eman ziezaion, Garzon epaileak irekita duen ikerketatik kanpo. Horretarako, Dignidad y Justicia elkarteko kereila igorri zion Morenori, auzia berak ala beste epaitegi batek ikertu behar duen argitu dezan. Atzo kaleratutako autoan, Grande-Marlaskak dio EAE-ANVri buruzko auziaren instrukzioa eramateko eskuduntza baduela. Epailearen arabera, EAE-ANVri leporatzen zaion akusazioak -zerrendak ETAren menpe utzi izanak- ez du esan nahi bi erakundeen artean "harreman tinkoa" dagoenik eta ezin da frogatutzat eman harreman hori "data zehatz batean" eman denik. Ustezko delitu horrek "gaur-gaurkoz irautea" arrazoi nahikoa zen epailearentzat Dignidad y Justiciaren kereilaren ikerketa bere eskumena izateko.

Garzonek Batasuneko legez kanporatzearekin zerikusia duen 35/02 sumarioko instrukzio epailea dela dio Marlaskak, baina Dignidad y Justiciaren kereilan agertzen diren akusatuak EAE-ANVkoak direla, ez Batasunekoak. Horregatik uste du EAE-ANVri buruzko instrukzioa ez duela zertan Garzonek eraman behar.

Kereilaren helburua

Dignidad y Justiciak talde armatuko kide izatea leporatu die alderdiko zortzi arduradunei, alderdiko ikurrak eta hauteskunde zerrendak "ETAren menpe" uzteagatik.

Elkarteak atzo aitortu zuen bere asmoa badela beste epaile batek eramatea auziaren instrukzioa eta, Baltasar Garzonek uko egin ziolako ANV legez kanporatzeari. "Garzonek behar zuen bezala jardun izan balu, ez genukeen kereila berri hau aurkeztuko", azaldu zuten elkarteko ordezkariek. Gainera, ziur agertu ziren Grande-Marlaskak auziaren instrukzioa hartuz gero, erabakiak "modu egokian" hartuko dituela.

Morenok, baina, Garzonen esku utzi du kasua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.