EAE-ANVren taldea desegitea erabaki du Arabako Batzar Nagusietako Mahaiak

Horrenbestez, alderdi horretako lau batzarkideek talde mistora joan beharko dute. Aho batez hartu dute erabakia Mahaiko kideek.

2008ko maiatzaren 6a
17:06
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek EAE-ANVren kontra erabakitako neurrien haritik, alderdi horren Arabako Batzar Nagusietako taldea desegitea erabaki du erakunde horretako Mahaiak. Juan Antonio Zarate (PP) Mahaiko presidenteak agertu duenez, aho batez hartu dute erabakia. PPk bi ordezkari ditu Mahaian, eta PSE-EEk, EAJk eta EBk bana.

Taldea desegin dutenez, EAE-ANVko lau batzarkideek talde mistora joan beharko dute. Hala ere, ez da hori Arabako Batzar Nagusiek ANVren kontra hartzen duten lehen erabakia: Garzonek jardueren etetea erabaki ondoren, diru kontuak blokeatu zizkieten.

ANVk Arabako Batzar Nagusietan bakarrik du taldea. Izan ere, barruti askotako hautagaitzak legez kanpo utzi zizkietenez ordezkari bakarra du Bizkaian eta Gipuzkoan bat ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.