Politika

EAEko 2009ko aurrekontuek 73,6 milioi euroko gehigarria izango dute

Eusko Jaurlaritzak eta PSE-EEk gaur sinatu dute hitzarmena. 73,6 milioi euroko gehigarritik 46,2 milioi 2009ko jarduetara zuzenduko dituzte eta 27,4 urte ezberdinetako egitekoetara.

2008ko abenduaren 5a
14:54
Entzun
Idoia Zenarruzabeitia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak eta PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek 2009ko aurrekontuen akordioa sinatu dute gaur. Iragan astean iragarri zuten akordioa, baina gaur arte ez da publiko egin modu ofizialean aurrekontuen edukia bere osotasunean. Laugarren urtez babestu ditu PSE-EEk Jaurlaritzako aurrekontuak eta oraingoan, sozialistek eskatuta, 73,6 milioi euroko gehigarria izango dute. Horietatik 46,2 milioi euro 2009ko jardunetara bideratuko dituzte eta 27,4 urte ezberdinetako ekimenetara.

Adosturiko aurrekontuetan zehazten denez, lurraldearen batasunerako eta udalen garapenerako orain arte baino 15,2 milioi gehiago zuzenduko ditu Eusko Jaurlaritzak. Bestalde, alderdi politikoen segurtasuna indartze aldera, 750.000 euro gehiago emango ditu. Gizarte zerbitzuen barne, Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean gaur bozkatu eta onartu duten Gizarte Zerbitzuen Legeari garrantzia emateko konpromisoa hartu du. Alor horretan, 250.000 euro pentsio konpentsatzaileen eta elikagaien ordainketa bermatzeko bideratuko dituzte, besteak beste. Alokairuko eta babestutako etxebizitzak eraikitzeko 12 milioi euro erabiliko ditu 2009an Eusko Jaurlaritzak.

Akordioan, era berean, Gasteizko pasabidean Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lurperatzea adosteko asmoa biltzen dute. Dena den, egiteko horretara zenbat diru bideratuko den ez dute zehaztu. Emakumeen aurkako indarkeriaren borrokara 250.000 euro bideratuko dituzte, hezkuntza politikara 500.000 euro eta babestutako etxebizitzen jardunera hamabi milioi euro.

Agirian zehazten denez, ikerlariek eta zientzia tresneriak bederatzi milioi euro jasoko dituzte, eta Osakidetzako eraikinen hornidurak eta berriztatzeak bost milioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.