Gizartea

EAEko adin gabekoentzako zentrorik handiena zabaldu dute Zumarragan

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza sailburuak inauguratu du Zumarragako (Gipuzkoa) Ibaiondo zentroa; hau da, EAE Euskal Autonomo Erkidegoko adin gabeak espetxeratzeko zentrorik handiena. Berez, 2001eko apirilean zabaldu behar zuten, baina bi hilabete lehenago, ETAk lehergailuak jarri eta zentroa eztandarazi zuen. Legea hautsi duen 14tik 18 urtera bitarteko 36 gazte egongo dira Zumarragako zentroan, eta 50 hezitzailek lan egingo dute haiekin.

2003ko azaroaren 3a
16:44
Entzun
Hezitzaileez gain, bost koordinatzailek, bi gizarte langilek, psikologo batek, heziketa arduradun batek, zuzendariak eta administrazio arloko enplegatuek lan egingo dute Ibaiondo zentroan.

Barneratuta egongo diren gazteak, berriz, 36 dira. Batzuk erregimen erabat itxian egongo dira, beste batzuk erdi irekian, eta beste talde bat erregimen terapeutikoan. Guztiak mutilak dira, adin gabeko neskentzako badagoelako beste zentro bat. Gehienak jabetzen kontrako delituengatik daude zigortuta.

Azkarraga sailburuak azaldu duenez, lege hausteak egin dituzten nerabeekin ezin dira zigor neurri hutsak hartu. "Aitzitik, lan humanizatua behar da, profesionalek baliabide egokiekin aurrera eramandakoa, eta beren bizitzen arduradun egiten lagunduko diena", azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzak 7,7 milioi euro erabili ditu Ibaiondo zentroa egiteko eta hornitzeko. Azkarragaren arabera, EAEn adin gabekoek egin duten delitu kopurua oso txikia da, "guztien %1era ez da iristen", baina hala ere, joera goranzkoa dela agertu du. Iaz, 98 gazte horrelako zentroetan sartzeko agindua eman zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako adin gabekoentzako epaitegiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.