Aurreko bost urteetan bezala, Iñigo Lamarca izango da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arartekoa berriro, gaur hala erabaki baitu Eusko Legebiltzarrak. Bost urterako izendatu dute atzera. EAJk Legebiltzarrean irailaren hasieran egindako proposamenarekin bat egingo duela iragarri zuen PSE-EEk, eta gaurko bozketan egiaztatu da hori. Jakina, EAJk ere alde egin du. Lamarca berriro hautatzeko 75 legebiltzarkideetatik gutxienez 45en babesa behar zuen, eta EAJk eta PSEk 55 boto dituzte Eusko Legebiltzarrean.
Han da gaur Lamarca bera, eta "erantzukizun handiko" kargua betetzeko "gogotsu eta kementsu" dagoela adierazi du.
PPk, EBk eta UPDk ere haren alde bozkatu dute. Aralarrek (lau parlamentari; hiru zeuden gaur) abstentziora jo du. EAk (bat) aurka bozkatu du. Honen arabera, Lamarcak "terrorismoaren" biktimei buruzko egindako azkeneko txostena "partziala" izan da.
"Bost urtean ondo defenditu ditu herritarren eskubideak erakundeen aurrean", dio PSEk. EAEko arartekoak erakundeekin izan duen jarrera kritikoa ez ezik, "terrorismoaren biktimen arretari" buruz egindako azken txostena goretsi dute sozialistek.
Sozialistek jakinarazi dute prest daudela beste taldeen ekimenak babesteko, "kolore politikoak aintzat hartu gabe". "Ekimenak gizartearentzat onak edo txarrak diren aztertzen dugu. Orain uste dugu Lamarcak segitzea ona dela". Legealdian beste akordio plural batzuk ere lortu dituela gogoratu du PSE-EEk, esaterako, Legebiltzarreko batzordeen banaketaren kasuan.
Biktimen txostena
Iñigo Lamarcak Euskadin terrorismoaren biktimei erakundeek emandako arreta txostenaren berri eman zuen irailaren erdian, eta bereziki erakundeek eta gizarteak ETAren biktimekin duten jarrera aztertu du lanean. Hala ere, helburu politikoengatik indarkeria erabili duten eskuineko zein ezkerreko taldeekin zerikusia duten biktimen kasuek askoz ere tarte txikiagoa izan dute -Triple A, GAE, Batallon Vasco-Español, GAL, GRAPO, eta Iraultza taldeak aipatu ditu txostenak-.
EAEko arartekoak batzordean azaldu zuenez, Legebiltzarrak iaz onartutako Terrorismoaren Biktimen Aitorpena eta Erreparaziorako legeak talde "terroristatzat" hartzen dituen biktimen kasuak bakarrik jaso dira txostenean. Edozelan ere, Lamarcak aitortu zuen Euskal Herrian alde guztietako biktimak daudela, eta guztiek merezi dutela tratamendu berbera.
EAJk, PPk, eta PSEk txostena txalotu egin zuten.
gizartea
EAEko ararteko izendatu dute berriro Iñigo Lamarca
EAJk, PSEk, PPk, EBk eta UPDk alde bozkatu dute, Aralar abstenitu egin da eta EAk aurka egin du. Beste bost urtez izango da karguan Lamarca. EAJk proposatu du kargurako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu