Koronabirusak eragindako pandemian hizkuntza eskubideak urratu direla eta, EAEko Arartekoak esan du kezkatuta dagoela. Ohar bidez, zera adierazi du: “Erakunde honek jakin du euskaraz artatua izateko eskubidea ez dutela aintzat hartu zerbitzu publiko batzuetan”. Gogora ekarri du, gainera, Europako Kontseiluak ohartarazi zuela zein garrantzitsua den pandemia garaietan tokian tokiko hizkuntzak erabiltzea: “Norberak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean hitz egiteko eta artatua izateko eskubidea ezin da jo, inolaz ere, bigarren mailako eskubidetzat. Hizkuntza eskubidea beste osagai bat bezala hartu behar da kalitateko zerbitzu publikoa eskaintzean, batez ere osasun zerbitzuan, horretan funtsezkoak baitira gertutasuna, konfiantza eta zainketa”.
Horregatik, Arartekoaren iritziz, agintariek ere erantzukizuna daukate pandemiari buruzko mezu guztiak euskaraz eta gazteleraz izan daitezela bermatzeko, “hizkuntza eskubidea bigarren mailara bazter ez dadin”. Azken hilabeteotan, euskalgintzako eragile ugarik salatu dute euskara bazterrean geratzen ari dela agintariek egiten dituzten agerraldi publikoetan eta eskaintzen diren zerbitzuetan. Kritika horri batu zaio, beraz, Arartekoaren abisua.
Alarma egoeran ezartzeko irizpideak, gazteleraz
Hain justu, atzo bertan UEMAk sare sozialen bidez jakinarazi zuenez, Ertzaintzak gazteleraz helarazi zizkien udalei eta udaltzaingoei oraingo alarma egoeran ezarri beharreko irizpideen inguruko zehaztapenak. Honela zioen UEMAk: “Larria da kontua. Euskaldunok bigarren mailako herritar bihurtzeaz gain, herriz herri, udalen webguneetan eta herritar gehienen mezularitza aplikazioetan dabilelako dokumentua, gaztelera hutsean. Erantzukizunak eskatu ditugu, baina publikoki ere salatu beharrekoa da”. Salaketa egin eta ordu batzuetara jaso zuten euskarazko bertsioa, eta udalen artean banatzen hasi zen udalerri euskaldunen mankomunitatea.
Dozenaka udalen mezuak jaso ditugu gaur UEMAn, Ertzaintzak udaletara eta udaltzaingoetara helarazi dituen irizpide hauen euskarazko bertsioa eskatuz: https://t.co/oSC75zk9Au Ofizialki eskatu dugu dagokion lekuan, baina zain jarraitzen dugu. Ea noiz iristen den euskarazkoa. pic.twitter.com/xye3n8sp4K
— UEMA (@uema_eus) October 28, 2020