Familia sorterrian duten adingabe migratzaileak hartzeko zentroen ikerketa amaitu du EAEko Arartekoak. Zentro horien kudeaketa hiru aldundiena da, eta, oro har, hirurei aholkatu die egoitza baliabideak areagotu ditzala. Halaber, EAEko erakundeei eskatu die adingabeen egoera aztertzeko egon daitezkeen ekinbideetan parte hartzeko.
EAEko Arartekoak 2017an hasi zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundien ardurapean dauden zentro horiek ikuskatzeko prozesua: Bideberria (Araba), Zornotza (Bizkaia) eta Uba (Gipuzkoa). Ikerlana atzeratu zen, 2017ko abenduan Zornotzako zentroa erre eta hustu behar izan zutelako. Berriro martxan jarri zutenean egin zuen azken bisita.
Arartekoak azaldu du hiru foru aldundiek hartzen dituztela heltzen diren adingabe atzerritarrak, “adingabeak direla egiaztatzen denean, legedian ezarritakoaren arabera”. Halaber, aitortu du zaila dela baliabideak zehaztea “aurretik zenbat lagun etorriko diren ezin jakinda”. Edonola ere, egoitzak areagotzeko beharra zehaztu du, eta gogorarazi du nerabe horien eskubideak eta interes gorena aintzat hartu behar dela, eta administrazioaren eskumena dela babesgabetasun egoeran dauden adingabe "guztiak" babestea.