Aresek defendatu du Iñigo Cabacas zenaren heriotza auzitegiak ikertzen ari direla, eta uste du Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak "zuhurrago" jokatu beharko lukeela "bereak ez diren gaietan".
Txosten bat plazaratu zuen Arartekoak. Kritika egin zion Jaurlaritzari, iritzita exekutiboak ez dituela bete Cabacas auziaren inguruan emandako hainbat gomendio eta ez duela justifikatu Ertzaintzak Cabacas zauritu zuen egunean neurrian erabili ote zuen indarkeria. ETBn eginiko elkarrizketa batean erantzun dio Aresek Lamarcari. "Ohituta nago arartekoa, kasu batzuetan, bere eskumenetatik harago joatera".
Aresek esan du bere nahia dela Cabacas auzian gertatutakoa argitzea eta, "behar izanez gero", ardurak eskatzea. Gaineratu du sailburu izan den urteetan bizi izan zuen "unerik zail eta gogorrenetakoa" izan zela Cabacasen heriotza, baina ñabartu du ez duela bere jarduna zedarrituko. Berak zuzendutako Herrizaingo Saila "irmotasun demokratikoagatik eta zero tolerantziagatik" izango da oroitua, Aresen hitzetan.
Jaurlaritzarik "ahulena"
EAJk osatuko duen Jaurlaritzaz ere jardun du Aresek. Esan du "historiako Jaurlaritzarik ahulena" osatuko duela EAJk, eta hauteskundeen ostean eginiko bilera sortan agerian utzi zuela bakarrik gobernatzeko asmoa.