Euskal Autonomia Erkidegoko datorren urteko aurrekontuei begira, akordioa lortu dute EAJk eta PPk. Hamalau orrialdeko agiri batean bildu dituzte hitzarmenaren nondik norakoak. Jaurlaritzako Ogasun sailburu Rikardo Gatzagaetxebarriak eta Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak sinatu dute ituna, Eusko Legebiltzarrean. Horren arabera, PPk osoko zuzenketarik ez aurkeztea eta beste alderdien osoko zuzenketarik ez babestea hitzartu dute bi alderdiek.
Aurrekontuaren edukia bera baino gehiago haren "betetze maila" hitzartu dutela esan du Danboreneak akordioaren berri eman duenean. Lortutako akordioaren arabera, defiziata "ahalik eta gehien gutxitzeko" konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzak, eta sei hilabetean behin aurreztu den diruaren jarraipena egitea hitzartu dute bi aldeek. PPk eskatuta, 2014an gastu arrunta kontrolatzeko bi konpromiso zehatz hartu ditu gobernuak: bata, politika publikoei dagokienez, eta bestea, aurrekontu egonkortasunarekin eta finantza iraunkortasunarekin lotuta. Politika publikoei dagokienez, besteak beste, Ekintzaileak babesteko plana garatzeko eta berrikuntzan eta internazionalizazioan oinarritutako Industria Plana indartzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak. Egonkortasunari dagokionez, Jaurlaritzak konpromisoa hartu du aurrekontua beteko duela aurreikusitako diru sarrerak eta zorpetze gaitasuna errespetatuta. Espainiako Gobernuarekin bitariko batzordean hitzartutako defizit muga betetzeko konpromisoa hartu du, hala, Jaurlaritzak.
PPrentzat "pozgarria" da lortutako akordioa: "Gehiago nahi genuke, baina arrazoizkoa iruditzen zaigu", esan du Danboreneak. Hark azaldu duenez, itunak ez du ondorio zuzenik izango Arabako Aldundiko aurrekontuen negoziazioetan.
PSE-EEren babesa ere ziurtatua du EAJk. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proposamenari 115 zuzenketa partzial aurkeztu zizkion atzo PSE-EEk. Aurrekontuen onarpena "erraztuko" zuela esan zuen aurreko astean, eta, atzo azaldu zuenez, emendakinak Eusko Jaurlaritzarekin adostu ditu "elkarrizketa sutsu batzuetan".
EH Bilduk, berriz, 1.600 milioi euro inguruko aldaketak proposatzen dituen ehun zuzenketa baino gehiago aurkeztu ditu. Hala ere, aurkeztua du osoko zuzenketa ere. Baita UPDk ere.