EAEko Auzitegi Nagusiak Atutxa, Knörr eta Bilbao absolbitu egin ditu

2007ko urtarrilaren 5a
17:00
Entzun
Autoritate judizialari desobedientzia egiteaz akusatuta zeuden, Espainiako Auzitegi Gorenak agindu bezala ez desegiteagatik aurreko legealdian Sozialista Abertzaleak taldea. 2005ean ere absolbitu zituen baina Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen epaia.

EAEko Auzitegi Nagusiak Juan Mari Atutxa Gasteizko Legebiltzarrako presidente ohia eta Legebiltzarreko Mahaiko kide izandako Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao absolbitu egin ditu. Gaur atera du sententzia auzitegiak. Autoritate judizialari desobedientzia egiteaz akusatuta zeuden, Espainiako Auzitegi Gorenak agindu bezala ez desegiteagatik aurreko legealdian Sozialista Abertzaleak (SA) taldea. Gorenaren arabera, SA talde parlamentarioa osatzen zuten zazpi pertsonak Batasuneko talde parlamentarioa osatzen zuten berak ziren.

EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki duenez, Atutxa, Knörr eta Bilbaok ez zuten deliturik egin SA ez desegitean. Auzitegi Nagusiak dioenez, hirurek borondatea izan, izan zuten SA desegiteko, baina ezin izan zuten juridikoki. Izan ere, bere garaian Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordeak, SA desegiteko Mahaiak egindako eskaerak zirela-eta, ez zuen kamerako estatutuak aldatzen utzi.Joseba Egibar (EAJ), Rafa Larreina (EA) eta Antton Morcillo (SA) bozeramaileek ez zuten zigor penalik jaso horregatik.

Gaurko erabakia, auzitegiko bi kidek babestuta hartuta da -Juan Carlos Iturrik eta Javier Murgoitiok-, eta Pablo Sesma presidentearen boto partikularra dauka.

Ez da eman izan den aurreneko epaia kasu horretan. Lehen epaian, 2005eko azaroaren 8an, absolbiltzea erabaki zuen EAEko Auzitegi Nagusiak. Hiru parlamentario ohiak "immunitate parlamentarioak" babesten zituela esatera mugatu zen, eta gaineratu zuen berak ez zuela Atutxa, Knörr eta Bilbao epaitzeko eskumenik. Baina helegitea jarri zuen Manos Limpias elkarteak, eta Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor aretoak absoluzio hori baliogabetu egin zuen; EAEko Auzitegi Nagusiari agindu zion auzia irekitzeko berriro.

Manos Limpiasek bakoitzarentzat bi hilabeteko kargu-gabetzea eta 108.000 euroko isuna eskatu zituen. Espainiako Fiskaltzak absoluzioa eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.