Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak itxi egin du Espainiako Estatuaren Abokatuak 2014ko amaieran klausula sozialen foru arauaren kontra hasitako prozesu judiziala. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariaren ekimenez, Estatu Abokatuak helegitea aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak erosketa publikoen esleipenetan irizpide sozialak txertatzen dituen foru arauaren aurka. Helegitea, baina, epez kanpo aurkeztu zuten eta prozesua itxi du Auzitegi Nagusiak.
Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du erosketa publikoaren kontratuetan klausula sozialak txertatzen jarraituko duela.
Foru arauaren arabera, esleipena egiterakoan, kontuan hartzen da hautagaiak diren enpresek, bere ohiko jardunean, genero berdintasuna eta ingurumena errespetatzea, langileen lan-baldintzak eta hizkuntz-eskubideak bermatzea eta baztertzeko arriskua duten kolektiboak laguntzeko neurriak hartzea.
Urkijo, "agerian"
Garbiñe Errekondo Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko diputatuaren iritziz, "berriro agerian" geratu da Urkijo: “Itsu-itsuan errekurritzen ditu Estatu Espainolarekiko obedientzia zalantzan jartzen duten erabaki guztiak”.