Ekainaren 3koa du data, eta Aramako Udalak euskarazko aktak aurkeztearen ingurukoa epaia: aldekoa. EAEko Auzitegi Nagusiak lehen aldiz egin du tankera honetako epai bat, eta ebazpen irmoa denez, atzetik etor daitezkeen gainerakoen —beste hainbat udalen kontra ere egin du azken urteotan Espainaiko Gobernuko EAEko ordezkari Carlos Urkijok euskarazko aktak igortzeagatik— bidea zedarrituko du. Pozik hartu dute epaia Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean. "Honekin behin betiko amaitzen da gai honek epaitegietan egin duen bidea", adierazi dute ohar batean.
Iazko urriaren amaieran ere egon zen udalen euskarazko jardunaren aldeko ebazpen bat; Irurako Udalak euskaraz informazioa bidaltzea zilegi zela esanez epai bat plazaratu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak. Eta, orain, ebazpen berri honekin erantzuna "behin betikoa" dela argudiatu dute Uemako ordezkariek. Are gehiago, zer epai zetorren jakinda, lehengo astean udalen aurkako hainbat auzitan atzera egin zuela jakinarazi dute.