Euskal Herria

EAEko Auzitegi Nagusira eraman dute Igeldoko galdeketaren debeku eskaera

Espainiako Estatuaren abokatuak kendu egin du Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian egindako eskaera. Bilboko epaitegiak Igeldoko espedientea bidaltzeko eskatu dio Gipuzkoako Diputazioari, eta horretarako hogei eguneko epea du.

urtzi urkizu
2013ko azaroaren 7a
19:12
Entzun

Igandeko Igeldoko herri galdeketa bertan behera uzteko eskatu zion duela hiru egun Espainiako Estatuaren abokatuak Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari. Epaitegi horrek eskumen galdera planteatu du gaur, hau da, bere eskumenekoa den auziaz erabakitzea ala Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak erabaki behar duen. Estatuaren abokatuak kendu egin du Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian egindako eskaera, eta EAEko Auzitegi Nagusira eraman du. Bilboko epaitegiak Igeldoko espedientea bidaltzeko eskaera egin dio Gipuzkoako Diputazioari, eta horretarako hogei eguneko epea du.

Gipuzkoako Diputazioko ordezkariek gaur goizean esan dute galdeketarekin "aurrera" joateko asmoa dutela. Larraitz Ugarte bozeramaileak esan du Estatuaren abokatuak "demokratikoa ez den jokabide bat" hartu duela. 

Estatuaren abokatuaren azken erabakia jakin ostean, diputazioak berretsi du galdeketa erabat legezkoa dela. "Gipuzkoako Herritarren Partaidetzari buruzko uztailaren 8ko 1/2010 foru arauaren baitan legeztatzen da aldundiak eskumen osoa duela herri galdeketa ez lotesleak antolatzeko. Horrelakoak Euskal Herrian eta Espainian sarritan egin dira, eta egiten dira". Diputazioaren ustez, estatuaren abokatua legea "nahierara erabili eta bortxatzen lotsarik gabe" ari da Igeldoko herritarren eskubideak ukatzen eta foru aldundiaren eskumenak urratzen. Debeku eskaerak legearen ikuspuntutik "ez du ez hanka ez buru", diputazioaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.